OPHELIA

 

                I

gorpu hotza zinen Ophelia

esku zurbilak ezpain ubelak

ez nintzen musukatzera ausartzen

artizarra eta ihintza

urmaeleko uraren antzera ene besoetan

hersten ari lakuko liliak

eta izarniatzen ortzea taupadaka

zure gorputza berbiztu nahiz

 

                II

zilarrezko musua masailean ilargiak

ama etsitu batek bezala argitzen zintuen

samindurarik gabeko irri bat erakuts dezazun

pintoreek oihalean atzeman dezan

urmael hegian biok betirako gaitezen

behelaino garden artean loak harturik

igelak kroaka ihi dardartietan

 

                III

baina geroago zure bila etorri zen basolaria

eta gazteluro beilagileak eta gelariak eta bufoiak

eta Laertes ere maindire zuri artean bildu

eta eraman zintuzten gaztelura

gauerdiko haizeak itzali egin zituen lastargiak

eta hurruneko ilunbetan ezabatuz

aldendu zer dolutaldea

ni zure irudi kutsaren alboan utzirik

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia