SOLDADU HILAREN AMA

 

                                («Oroith gutaz» irakurri eta «O war is

                                a casual mistress» erran zuen hilarriaren

                                aurrean soldaduaren ama ikusirik.)

 

    Goizean hartu du gutuna Charles Causley soldaduaren amak

haur laztanak —aintzina promes egin bezala— frentean idatzia,

eta ireki gabe erakutsi die hauzokoei eta okinari,

bizirik dirauela frogatzeko erakusteko senarrari ere,

 

    Gero irakurri egin du, begietan nigarra gorde ezinik:

«Hil egin dira iadanik izarrak eta hegazti guziak,

bakarrik utzi gaituzte ilunbetan sute eta eztandek.

Hontz begi bi soilik guri, deusezaren begiraleei so.

 

    Estarta hestu batek eta masustraz beterikako sasitzak

bereizten du mendi magalean gurearengandik etsaien loa.

Maiz pentsatzen dut zuengan, amatxo, goraintziak aitari

eta amonari. Aliceri ere. Bidal almendrak. Ikusi arte».

 

    Beste gutuna irekitzen du orain amak, beste idazmolde bat,

dardaraka orain atzamarrak: «Gutun hori eman zidan bart

Charlesek. Sasitzan kausitu dut gaur etzana.

Lagun handia genuen guzak. Doluminak. William».

 

    Amak eutsi egiten ditu malkoak. Ezkutatu egin du

bigarren gutuna amantalpean. Senarraren gosaria atondu,

eta haltzaria irribarreka garbitu ondoren,

gona gorria jantzi eta almendrak erostera abiatzen da.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia