HIL EGIN DA ORGANISTA
Smetanaren doinu batek kulunkatzen zuen lehen
Moldavaren urgaina Pragako ziudadelaren ondoan.
Orain, harriak bakardadean, bakardadea harrietan ere
eta bizitza astiro doa, heriotza bezain ezezaguna.
Hemendik gauza ugari ikusten ditu leiho batek:
bizimoduak makalduriko hitzak, keinu etsituak,
oroitzapen erotiko batzu, ihes, irri soil bat.
Leiho batek ikusten du hemendik:
Rainer M. Rilke sosaren truke Orfeori poemak eskatzen,
Golem iargi hotzen bila zubietan barrena, eta
Pragako ikasleak izpilu hautsi bat haunitz eskuetan.
Hemendik leiho batek ikusten du:
Franz Werfel eta Vladimir Holan egunkaria erostera datozela
goizaldero, beren eskela galduak ea ageri direnentz begira.
eta arlekin noragabeak eltxo hordituak hiltzen,
eta zuhaitzen beldurrez hirira herbesteratu diren guziak
farolen azpian dardaraka. Leiho batek ikusten du:
odol anpuluka negarrez amonak, loak hartzen haien iloba enanoak,
Franz Kafka hausterrak kontatzen.
Leiho batek, halaber, ikusten du organista bat hilik
paper lohi batzu eskuan: «Anton Dvorak-Mundu Berriaren Sinfonia».
Hilik da, inork estaltzen ez duen arren,
eta isilik oro leihoaren begiradan.
Izotzezkoa Moldavaren urgaina,
hotsik gabe doa denbora. Azpitik doa ura.
© Joseba Sarrionandia