EGUBERRIAK
Egutegi berria eskegi dut horman
zaharren arrastoen gainean.
Goizalde honetan badakit ez dela deus berririk helduko
urteen ber nekadura eta ber bizimodua salbu.
Badakit oraindik ere lehertuko direla bihotzak
zamaren zamaz, odolustuko direla gerlariak eta
hiltzeko xokoren bila noragabetuko direla animalia eriak.
Badakit oraindik ere iaurtiko dituztela esku dardartiek daduak,
etorkizuna iraganean dela jakinaren gainean.
Badakit haigun urtean ere gaur bezala
dudala egutegi berria zaharraren gainean eskegiren,
haigun urtean gaur bezala behatuko dudala
egunsentia argitzen hiri mortua
eta biztanle bere buruaz harroak.
Goizaldeon bezala dut haigun urtean ere
eguratsa beti bezala argitzen ikusiko eta
begirada barrura itzulirik ikusiko ditut
errautsak suaren lekuan eta, halaber,
bezperan elurtzan bildurikako enbor hezeak.
Goizaldeon bezala oro haigun goizaldean ere.
Ezer berririk ote dakar egun berriak?
Ez. Baina igurikatu eginen dut.
Heriotza ezer ez dela frogatzeko baino ez bada ere.
© Joseba Sarrionandia