EPIGRAMAK
XLI
isiltasuna hedatu da hiri zaharrean
aintzina hertsi ziren ostatuetako ateak
hautsa bihurtu dira gure hilarrietan utzitako liliak
hautsa gara halaber geu ere
XLII
elezaharren eremuetako bakardadetik
itzuli ninduzun zeu laztantzera
oskorrian oreinak ehiztariengandik bezala
ihesi zure begiak eneengandik
XLIII
nigar anpuluak masailean behera
mihia ateratzen duzu zaporea dastatzeko
gezala da benetan
eta nigarrez segitzen duzu
XLIV
zuhaitzez beterik karrika
zuhaitz bakoitzaren ondoan emakume bat
emakume guziak nigarrez
begiak erortzen malkoetarik
XLV
bidaztien antzera
iragan zen eguzkia
elurtza amaigabean
haztarnarik utzi gabe
XLVI
begira sortaldera
han da Franz ehortzia
haren errautsetan hasten dira
iluntzeak gristatzen
XLVII
hiria emakume bat soilik
emakumea aurpegi bat soilik
aurpegia gardena
dizdira batek soilik zeharkatua
XLVIII
korrika abiatu naiz etxerantz
karrika bustietan barrena
izpiluan ene begia
iadanik hertsiak ikusten ditudala
© Joseba Sarrionandia