PORTU ZAHARRA
Laino mehe urdinak
atzeman ezina egiten du portua
portu zaharra
hara han, animale disekatu baten antzera.
Harkaitz barrenean gu,
hurrundik begira.
Gu eta gure irudimenaren artean lanbroa,
doi doi entzuten dira uhainak kaian lehertzen,
antxeta zuri bat soilik
gu eta portu zaharraren artean,
beste guzia eszenarioa da
antxeta bera ere ez al da eszenarioa?.
Abailtzen ari da ilunabarra
itsas hegian, portu zaharrean.
© Joseba Sarrionandia