TESTAMENDUA
Egutegiko mila bederatzirehunda larogeigarrenean
eta ene bizitzako hogeitabigarren urtean,
sortu bezainbeste gauza hiltzen direneko udazkenean,
herioa ager dakidanerako
testamendua egitea deliberatu dut,
ene buruarekin batera ene hazienda ere gal ez dadin.
Beraz, notari edo eskribaurik gabe,
ene bizitzan eta ene bidaiaren ingurubilean
bildu ukan dudanaren zerrenda
igortzen derautzut ene heriohurbileko bakardadetik,
zuri, zeu bait zara ene emaitzen hartzaile bakarra.
Zeuretzat dira, bada, oinetako mehe horik eta
mahai gainean uzten dudan gaulois paketea;
zeuretzat dira sandalo loreak eta pottoka gorriskak;
zeuretzat hainbeste hiri hiletan bildutako harri zatiak,
Vincent Van Gogh-en belarria eta siemprebiba oriska,
ikuiluan loturik dudan zentauroa (gerritik gora gizon
eta behera zaldi dena, ez alderantziz).
Pierrot herabearen argazkia, hamar bitxilore zimel;
zeuretzat zaunka aditu duzun azken zakur deslaia,
eta baita ere Alice Liddel-en erretratu polit hura
(erropa jipoinduz ageri denekoa);
zeuretzako da Piarres Topet Etxahun-en makila (harek
egundo ukitu ez zuena);
eta Gregor Samsa iadanik armiarma zikinarekin batera
zeuretzakoak zetazko ehun zapi koloretsu,
Talaia garaia eta hango kalatxori itsua,
Opheliaren gorpua eta urmaeleko ihi dardartiak,
Itacara itzultzean Ulysesek bere burua begiratu zueneko miraila,
Costantinopla ere zuretzat, eta basoilandak eta usapalak;
zeuretzat itsasgalera guzietako hondakinak,
Zudaireko zitronondoa Irisarriko ezkia,
hil orduko amatxik emandako ile urdindua,
haize metasa bakoitzean uxaturiko arrengura ere zuretzat,
eta elezaharrak, Amália Rodrigues-en fadorik tristeena,
xorimalo paldotu guziak, emegalduen laztanak,
bide saihetsean harrapatu eta heziriko arrubiak,
Sokrate-ren zikuta edalontzia,
edozein andere prerrafaelista eta zeuretzat
gauhontz begi bi eta bertze haunitz fantasia.
Eta hauk guziak, erran bezala, zeuretzat
ahantzi ditudanekin eta erran nahi izan ez ditudanekin batera.
Eta hala izan dadintzat sinatzen dut testamendua
eta sartzen dut bitakora kaierean,
bidaiako beste edozein xehetasun bezala.
© Joseba Sarrionandia