IV

 

                1.974. martxoaren hogeitamazazpian

                amorrazioz eta haserrez idatzitakoa

                (edo pekaturik gabe dagoenak jaurti beza lehen harria)

 

hemen doa,

denen aurrean bota nahi dut ixtukazoa.

denek ikus dezaten

mundu madarikatu honetan nagoela

eta ez dudala oraindik aldegin nahi,

heriotza atseden eta deskantsu bada ere,

nahiago baitut etengabeko balantzaka

                                      luze

                                      amaigabe honetan

                                      ausartu.

 

ez bakarrik egon,

zirikatu

jostatu

lan egin

arpa jo

eta aldamenera begiratu ondoren

aurrerabiderako

arnasa eta abiada hartu.

 

zeinek esan dezaidake zerbait?

ea, ea!

zein da hain ausarta?

gantzontziloak zikintzen

ditudan bitartean

gizon sentituko naiz

eta ez da sortu eguzkiaren

gainean eta azpian

hori ukatu ondoren

neure bide zuzenetik

oker eta desbide nazakeenik.

zeren hori egiten duenari

koskabilo eskas eta atzekoz aurrekoak

dituela esanen baitiot.

horrela eta ez bestela.

gizagaixoa.

zer uste zenuen?

hemen bizi naiz

eta ezin dut beste biderik hartu,

hemen dagoenak hemen bizi nahi baitu

hemen gelditu hilik ere.

horrela eta ez bestela.

baina...

baina intsentsu usaidun

putaseme horrek

hegalak moztearren

egin zizkidanak

ezin esan arren...

hegalak moztu beharrean

lumatu egin ninduen.

eta orain hemen nabil

hotzak akabatzen

estalgarririk ez dudalako,

tapakirik ez duena

bilutsik baitago

eta bilutsik dagoenak

lotsa sentitzen

seigarren mandamentuarekiko

eta besteren garbitasun

mantxagabearen aurrean.

 

 

© Mikel Arregi

 

 

"Mikel Arregi / Hego haizearen konpasean" orrialde nagusia