XVII
minutuz minutu
bizi nahi nuke,
zenbat ile izpi dudan jakinik,
zenbat orin dudan ohartuz,
ikusten dudan guztia ahaztu gabe,
entzun dudana gogoratuz.
eman ditudan musuak ere kontatuz
minutuz minutu,
segundoz segundo,
mementuz mementu.
nondik ibili naizen jakin nahi nuke,
neure urratsa ezagutuz,
ikutu ditudan gauzetan
neure seinalea ikusi.
ttikitako belar berdea
berriz bildu,
udazkeneko kurriloen hegada triste
eta lasaiaren azpian egon,
haizearekin jostatu,
txori-kabiak bilatu,
berriz ile kizkurra izan
eta erregeetan ez sinetsi
baina ez dago gelditzerik
berriz ez naiz pasako hemendik.
© Mikel Arregi