XX

 

Oi nere luma

oi nere luma!

zu, nere laguna

nere pentsamenduaren bilduma,

urteek, hilek eta egunek

osatutako luma,

pekatuz eta izpirituz

hazitakoa,

Bilbaon galdu

eta Donostian lizundua

eta Basaburuko erreka-zuloan

atabalaren soinuz

hiru egun hilik egon ondoren

berpiztua.

 

zu hartzen zaitudanean

sentitzen dudana

mina da,

sasi-poetak sentitzen duen mina,

esan ezina,

ahaleginak ez ezina.

 

urteen joan-etorrian

eskuak hutsik edukitzeak

bizitzari maratilarik

ez aurkitzeak

txertatu zintun

behar bezalako fruituak

eman ditzazun.

 

hemen doa,

zu zara,

atzotik gaurrera

mundu honetatik

abiatu arte bestera

bizi ezinean

esperantza gutxiko bide ertzean

gazte bati irtetzen zaion malkoa

Euskal Herriko euri-lanbroa.

 

Oi nere luma

oi nere luma!

sasi-poetak sentitzen duan mina

esan ezina

ahaleginak ez egina.

 

 

© Mikel Arregi

 

 

"Mikel Arregi / Hego haizearen konpasean" orrialde nagusia