XXIII

 

lur nintzen, lurtuz noa,

zugan bat egin arte;

zurekin behin betikoz

ezkontzen naizen arte.

 

hasieran bat ginen ta

denborarikan ez zen;

lainoak gure gainetik

bezala bizi ginen.

 

gerora utzi ninduzun

abiatzen neure gisa;

ez pentsa lehen pausoak

eman nituenik aisa.

 

zure sabel sakonaren

misterio ezkutua,

ezin egon guztiaren

betiko sekretua.

 

zure sabel sakonetik

bota ninduzunean,

negar egiten nuen

bizitzara sartzean.

 

mundura iritxita

neure gorputz makala

ikusiz, hartu nahi nuen

berriro zure itzala,

 

itzal guri, itzalgoxo

begirada biguna

ez naiz gogoratzen ongi

ezkutuan duzuna

 

maite ninduzulako

hemen nago bakarrik

zerbait eman nahi zendidan

ta utzi nauzu hutsik

 

nora ezean nabil eta

luza idazu eskua

leize zulo beltz honetan

bait nago sartua

 

ohartu gabe hemen noa

nora ezeko bidean

itsasoaren oinetan

heriotzaren ertzean

 

urik gabeko itsasoan

nabila igerian

ondoan sugeak ditut

ta ni nago erdian

 

zuhaitz gabeko baso

plai ondargabea

zuen antzekoa dut

mundu hontan suertea.

 

zeruan ez da izarrik

aldegin du haizeak

negarrez erori dira

basoko landareak.

 

debalde etorri nintzen

eta debalde noa

dagoeneko prest dadukat

hilerriko zuloa.

 

orain gaztea naiz eta

lehen berriz mutiko

ihesi doan kea naiz

ezkutatuz betiko.

 

desertuko haize bero

hego haize epela

zure gainean joan nahi dut

ondar alea bezala.

 

zimenturik ez dut eta

teilak jartzen hasi

ustez altxatako etxea

lurrera zait jautsi.

 

 

                          KIRIELEISON LUZEA

                          KANTU LEHOR ZATARRA

                          EGUZKIA BADOA TA

                          EGIN BEZA LANGARRA

 

 

© Mikel Arregi

 

 

"Mikel Arregi / Hego haizearen konpasean" orrialde nagusia