XXVI
ene poesia
eta pentsamentua
aleluia tristeak dira.
munduarekin lotzen nauen katea
ene bide eta fedea
aleluia tristeak dira.
aleluia tristea da
ez dakit zeinek
jarritako eguzkia.
nora ezean
nora ezera ere
aleluia tristea da.
atzoko ametsa
goizerako deus ez zena
neri gertatu zaidana
dena
aleluia tristea da.
nere,
zure,
haren
ezinegona,
gizona,
aleluia tristea da.
zintzilik ezinez daramaguna
gure aurrekoengandik
dakargun pisu astuna
aleluia tristea da.
kanposantua,
koroi eta lore ihartuen merkatua
zipres bakartien maitalekua
ere...
orain esana eta ahaztu behar dudana
aleluia tristeak dira
© Mikel Arregi