XXVIII

 

igande arratsalde guztietan

denbora pausatu egiten da

gizonok gehiago sufri dezagun.

haize boladarik

ez da heltzen

masailak igurtzi eta loxinkatzera,

arbolak ez dira makurtzen

diosala eginaz

eta ezkutuko indar

sorgin eta abilek

farra egiten diote

gure deusezaren eskasari;

desioak haizetan utzi beharra

gertatzen da.

lagunak ez dira lagun

eta etsaien lau-hortzeko

sardeen gainean

astintzen da arratsaldearen gorria,

eta leuna latz bihurtzen

eta zuria belzten

eta gelditzen zaizkidanak

lano iheskor eta ziztrilen

gainetik joaten

gehiago ez ikustearren.

zazpi desio eta laztanaldi baten

esperoan dagoenak

askoz hobe du...

 

 

© Mikel Arregi

 

 

"Mikel Arregi / Hego haizearen konpasean" orrialde nagusia