XXIX
nik ez dut pozik
munduak ematen didanik.
nola hala goaz
dena atzean utzirik.
Poza ere zahartuz doa.
usoen gainetik
hego haizearen kontra
barrenaren hegalak
zabaltzen ditudanean
oinek ez didate zerbitzen.
eta neure oinak
iturri freskora
zuzentzen ditudanean
alferrikako ditut
izpirituaren hegoak.
eta gerta lekidakeena da
zomorroen erreinuko
atalondora heltzerakoan
izpirituaren hegoek
eta bots behatzez
ornitutako oinek
deusetarako ez zerbitzea.
joanak joan.
ez dago itzultzerik.
eta itsasoaren barealdietako
olatuak egun bezalatsuko
doinu tristeaz
mintzatuko dira
amairik
gabeko
joan-etorrian
gizonok
azken
arnasaldia
eztarrian
dugun
bitartean,
destino-eza
daitekeen
destinorik
txarrena
dela
dioen kantaren boza
oihartzunik
gabe
GEL-
DI-
TZE-
AN.
© Mikel Arregi