1

 

        Autoaren abiadura gutxitu eta leihatila jaitsi nuen. Ateri zegoen baina goibel. Zelofana kendu eta jaiotza bat egiteko paketetik atera berriak ziruditen urruneko baserriek, goroldio gainean jarritako ardiek eta baita ere errepidearen erdian norbaitek ahaztutako behi gorriek. Dagoeneko ezagutzen ninduten beharbada. Adinekoena zirudienak burua itzuli eta erdeinu keinu bat eginez begiratu zidan, esanez bezala, zertara ote dator orain hau, aduanan mugazainak begiratu ohi duen gisan. Altxatzeko bi entsegu motel egin zituen, indarrak probatuz bezala, eta hirugarrenean lortu zuen zutik jartzea, atzeko hanka zurrunekin dantza mokor bat egin ondoren.

        Karguak ematen duen segurtasunarekin begiratu zidan goitik behera eta autoari itzuli bat eman zion errutinazko inspekzioa egiten ari balitz bezala. Ez zuen nonbait ezer susmagarririk ikusi eta berriro taldera hurbilduz, hausnarrean segitzen zuten kideei agindu isil bat eman zien, pasoa utzi zezaten. Guztiek zalapartaka obeditu zuten, baina ez zuten ahalegin hori alferrik galdu, bakoitzak bere simaur lorratza bidean utziz apartatu baitziren karreteraren alde banatara.

        Auto barrean haurtzaroarekin lotzen ninduen usain gozo eta sarkor hori eraman nuen kilometro luze batean.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia