3

 

        Behi gorriak galtzadaren alde banatara geratu ziren zutik, patxadan, gizakiari gerta zekizkiokeen tragedietan lekuko bai, baina partaide izatera rebajatu gabe. Haien tripa borobil haizatuek ukitu bat nahikoa zutela iruditu zitzaidan eztanda egiteko. Kontu handiz pasatu nintzen autoarekin urratu gabe eta begiak errepidera luzatu nituenean, beltzez jantzitako giza talde bat ikusi nuen bidean gora. Aurretik zerraldoa zeramaten lau gizonek eta zerraldoaren gainean soinu txiki bat listariarekin lotuta. Hori zen segizio hartako kolorezko nota bakarra. Beste guztia, gizonezkoen aurpegi eta begiradak, emakumezkoen mantilla eta gonak, euri etengabeari aurre egiteko zeramatzaten aterki gutxi edo gehiago hondatuak, beltzak ziren eta mirari bat zirudien errepidean behera giza talde horrek tinte lorratz bat ez uztea.

        Segizioa osatzen zutenen aurpegiei erreparatu nien. Gehienak emakumezkoak ziren. Batzuen begiradan malkoek uzten duten hezetasuna soma zitekeen. Nire heriotzan pentsatu nuen eta kosta egiten zitzaidan zerraldoaren atzetik bizpahiru emakume imajinatzea.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia