4

 

        Hori izan daiteke gizon batek bere baitan gorde dezakeen ametsik handiena, mundualdia egin eta zerraldoan daramatenean hiruzpalau emakumek negar egingo diotela jakitea. Beti pentsatu izan dut ondo bukatzen diren hiruzpalau maitasun historiak justifika dezaketela existentzia.

        Zahartzaroan imajina dezaket neure burua, bakarrik noski, bizitzak utzitako hondakinen artean aztarrika edo oraindik ketan dauden oroitzapenen peskizan. Hil eta gero ere imajina dezaket neure burua. Notarioarenean paperik egin ez badut ere, nahikoa pentsaturik daukat zeremonia, ekitaldi xume bat 600 metro ozta-ozta dituen mendixka baten hegian edo hemen, bizi naizen herritik hurbil, itsas-bista ikusgarria duen paraje tala batean. Ez da hitzaldirik izango. Errautsak zabaldu bezain pronto, norbaitek, familiakoren batek, afaritara gonbidatuko ditu guztiak.

        — Hilak gonbidatzen du —esan dezake eta negar-zotinen bat entzungo da beharbada, norbait behinola nirekin egindako afariren batekin gogoratu den seinale, emakumeek memoria ikusgarria izaten baitute maitasun kontuetan.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia