5

 

        Batzuetan itogarria egiten zaio akademiako giroa eta udazkenean bereziki edo udaberrian hondartza bakartietara jaistea gustatzen zaio bere zakur beltzarekin eta hondar bustia zapaltzean bozkario basati bat pizten zaio barrenean, zerbait atabikoa, munduaren hastapeneko gomuta bat bezala eta lurreko lehen emakumea dela imajinatzea gustatzen zaio, oraindik gizonezkorik gabeko mundu batean. Izutu egiten du pitin bat burutazio horrek, ondo pentsatzen jarrita guztiek begirunez tratatzen baitute, begirunez baino areago debozioz, debozio gehiegiz beharbada, zeren tarteka halako itomen bat sentitzen baitu gizonezkoen artean, maitasunak ere batzuetan ase egiten duelako eta orduan ihes egiteko behar larri bat jaiotzen zaio barrenean eta hirian, Donostia bezalako hiri batean, hondartza da aurkitzen duen ihesleku bakarra.

        Itsasoa ordu horretan apal eta otzan egon ohi da. Olatuek ahapeka otoitzean ari denaren hotsak egiten dituzte eta bera jainkosa bat sentitzen da, ozeanoa bere oinetan duen jainkosa eder bat. Kolpetik hondartza eszenategi bat dela imajinatzen du eta pauso batzuk markatzen ditu hondar bustiaren gainean.

        Ni intruso bat sentitzen naiz barandilla gainetik nire argazki makinarekin koadro horri liluraturik begira: emakume baten errainu zuria hondar gainean, atzetik zakur baten itzal beltza duela. emakume aske bat. emakume zoriontsu bat.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia