6

 

        Gauza gizenegiek duten ibilera geldoarekin zeramatzan mendebalak lainotzarrak auskalo nora. Bele beltzak zebiltzan zer suma, haizearen kontra hegaldi akrobatikoak eginez, erresuma urrun eta ilun bateko mezulari. Herriko plazan jendea zegoen, gizonezkoak tabernako atarian eta emakumeak elizakoan, zerraldoaren zain. Gizonezkoek aterkiak zeramatzaten samarretik zintzilik, saguzar disekatuak bezala, bizkarrean. Esku beltz zartatuekin txapela buru gainean enroskatzen saiatzen ziren, haizeak eraman ez ziezazkien. Bekokian eta eskuetan ofizioaren tatuaiak nabarmentzen zitzaizkien, lur eta simaurrez eginak.

        Emakumeen taldean neskato bat zegoen, esku batarekin gona barrena ahoan sartu eta bestearekin hankartea estutuz. Urduri zegoelako edo pixagaleak. Bere belaun-buru borobil eta inuzenteetan jolasean egindako zaurien arrastoak ikus zitezkeen oraindik.

        Ez nuen niretzat han lekurik aurkitzen eta plazaraino segitzekotan nengoen, arkupetan emakume bati erreparatu nionean.

        Galdugordean zegoelako deitu zidan atentzioa edo, ni neu bezalaxe, han lekuz kanpo zegoelako. Beltzez jantzia zegoen, baina bere soineko iluna takoidun zapata gorriak, eskuetako atzazalak edo ezpainetako pintura bistaratzeko zeramala zirudien. Bere sexua ere beltza eta gorria izan zitekeela okurritu zitzaidan, ez dakit zergatik, eta gauza horiek pentsatu bai, baina inoiz ez direla adierazi behar gogoratu nuen.

        Plaza izkina batean autoa utzi eta emakumeari begira geratu nintzaion. Edari fuerteak bezalaxe, batzuetan euforia puntua eta besteetan ondoeza ematen duten begirada zuen. Zenbaki jakinik gabeko adin horretan zegoen, baina bere ibileran, zigarroa eramateko moduan, melena eroria apartatzeko egiten zuen imintzioan, gaztetako ederrusteak agertzen zituen. Badaudela emakume batzuk, pentsatu nuen, dauden lekuan daudela eta ingurumaria guztian gizonezkorik ez badago ere, gizaseme baten aurrean baleude bezala portatzen direnak.

        Zigarrokinari azken atxikia eman eta harlauzaren gainera bota zuen damu keinu batekin eta zapata puntarekin zapaldu zuen. Beharbada gaztetan, urte asko lehenago, ispilu baten aurrean ikasitako dantzarako pauso bat izan zitekeela pentsatu nuen, oin punta lurrean jarri eta alde banatara mugitzeko era hori.

        Zigarrokinaren hondar ketia lurrean utzi eta itzuli zenean niri begira geratu zen une batez, zigarroarekin batean segurtasuna edo oreka galdu balitu bezala. Noraezean zerabilen esku librearekin poltsa ireki, ispilu txiki bat atera eta bere ezpain gorriei begira geratu zen. Niri, zeregin intimoegia iruditu zitzaidan hura inor albotik begira edukitzeko eta tabernarantza abiatu nintzen.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia