7

 

        Mostradorearen kontra zeudenek komentatzen zutenez, Donostiako Parte Zaharrean ikusi ohi zuten azkenaldi honetan, taberna jakinetan, plater bat lurrean jarri eta soinua jotzen. Arratsalde erdian, oraindik txikiteroen beda zabaldu baino lehen, ailegatzen omen zen askotan eta, sasoirik onenean bezala, begiak itxi eta ezkerreko belarria teklatuaren kontra jarriz hasten omen zen jotzen, taberna zuloko entzule bakanei edo kalean pasadizoan aplikatzen zirenei inolako jaramonik egiteke.

        Tarteka, hori bai, ezusteko zorion batek barrena asebete balio bezala, irribarre maltzur bat ernaltzen omen zitzaion ezpainetara. Begira zeudenek, noski, ez zekiten bozkario horien arrazoirik eta komentario ezjakinak egiten omen zituzten, edo jakinustekoak nahiago bada, pentsatuz alegia musikan ere pieza bakoitzak bere baitan gorderik daramala oroitzapenik zaharrenak berpizteko giltzarria.

        Orduak egiten omen zituen horrela eta, arrats beranduan, platerean zituen txanponak sakelan gorde, soinu txikia bizkarrean hartu eta abiatzen zenean bakarrik nabarmentzen omen zen maisuaren dekadentzia. Horrela ikusi zutenek diotenez, iheska bezala ibiltzen omen zen edo itzal-gaizka, bizien mundura ustekabean agertu eta berriro itzultzeko bide bila dabilenaren tankeran, pentsatu nuen nik.

        Ez nuen esan, noski, nik ere Elgeta ezagutzen nuenik. Edariak besteren bizitza juzkatzeko eman ohi duen ausardiarekin behin eta berriz esplikatu zidaten ez zuela edanak gizona hondatu, bakardadeak baizik. Ni neguko gau goiztiarretan Parte Zaharreko kaleek duten desolazio itxurarekin gogoratu nintzen, haizeak kale izkinetako argiak astindu eta neoizko kaligrafia dardaratiarekin taberna eta puben izena galtzadako putzuetan idazten dituenean. Alderdi Ederreko jardinetan barrena gizon bat imajinatu nuen, soinua bizkarrean, haizearen kontra makurturik, bere gordelekura bidean eta badaudela juzkatu nuen bakardadea baino areago erbestea sufritzen duten pertsonak, ez herriminez bizi direlako, ez jaioterritik urrun, ibili diren lekuetan arrotz sentitu direlako baizik.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia