|
8
Hamar urte lehenago ezagutu nuen nik Elgeta. Berrihaizeak eraman ninduen Antiguoko taberna zahar hartara igande arratsalde batez. Iraganari ezkutuan eraikitako tenplo xume bat zirudien. Haizeak atariko papanoen azken hostoak astintzen zituen kupidarik gabe eta, arratsalde erdia izan arren, adarrez adar zintzilik zeuden koloretako bonbila bilutsiak pizturik zeuden dilindan, izar konstelazio triste bat osatuz. Dozena bat bikote ari ziren dantzan aterkien pean eta soinujolea ikus zitekeen toldoz estalitako tarima baten gainean.
Begiak, itxita jotzen zuen, halaxe da, eta ezkerreko belarria teklatuaren kontra jarri ohi zuen bere piezaren bat interpretatzen zuen bakoitzean. Musika bere baitako zoko urrun eta ezkuturen batean jaiotzen zitzaiola ematen zuen, min sorgorrak edo barreneko bozkarioak jaiotzen diren antzera, eta biriketan egurastu bat eman ondoren ixurtzen zuela, ezpainetan zuen puruaren kea ixurtzen zuen bezalaxe eta eskuak eta behatzak mugitzen bazituen, galtzera zihoazen nota haiek arrapaladan biltzeko asmoz mugitzen zituela.
Tarteka, ordea, bere onera, mundu honetara itzultzen zen eta aurrean zituen bikoteen kontaduria egiten ari zela ematen zuen edo, asperturik, dantzan ari ziren neskatxen zangoei erreparatzen ziela, inoiz ez aurpegiei, begiradak, edonorena izanda ere, beldur pixka bat emango balio bezala.
Atsedenaldietan bakarrik kentzen zuen purua ezpainetatik. Deskuidoz okerreko lekura sartu denaren aztoramenduarekin begiratzen zuen orduan eta begiak igurzten zituen luzaz ilunpean egon eta argira agertzen denaren antzera. Zerbitzatzen ari zen neskatxari keinu bat egiten zion ondoren eta edariren bat eskatu ostean harekin solas eta broma llaburrak egiten zituela ohartu nintzen.
Eszenatoki horretan, lekuko gisa, gizonezko bakartiak zeuden, eskuak poltsikoetan sartuta, hanka bat pitin bat aurreraturik, harrizko estatuak bezain geldi eta mutu, dantzan ari zirenei begira.
Taberna barruan zegoen jendea. Mostradore atzean zahagi eta upelak zeuden ardan-jario etengabea zeriela, norbaitek traizioz zauritu eta odolusten utzi balitu bezala. Sabaiko gakoetatik zerri baten puzzlea osatzeko adina pieza ikus zitekeen eta karez zuritutako horma batean egutegi bat fetxa galdu batekin. Arantzazuko Amaren magalpean, euli-kakaz bernizaturik. Haren azpian zeuden egunkarietako argazkiei begira nengoen atzetik ahots bat entzun nuenean.
Aizkolaririk onenak, Urola aldekoak esan zidan. Arriya eta Agieta ageri ziren, ikurrinak bezala aizkorak bizkarrean hartu eta ereserki bat entzuten daudenen posean, firme.
Harrijasotzaileak itziartarrak eta korrikalariak Aiakoak segitu zuen.
Zilborra ozta-ozta estaltzen zion mantal zikin-estali bezain zikinarekin eskuak garbitzen ari zen. Ardan koloreko zain mataza batek iluntzen zion sudur behinola gorria, haurren marrazkietan kolore batek bestea estaltzen duen gisan. Begiradarekin egin zuen keinuari segituz, Kataolaza izeneko harrijasotzailea lokalizatu nuen horman, bere besagain ikusgarriak antxumaturik. Guztiek ere, galdutako arraza baten azken aleak ziruditela pentsatu nuen.
Taberna horretan, beste inon ez bezala, heriotzara kondenatutako kultura baten azken hatsa soma zitekeen, herri txikiegiei darien indarrarekiko kultoa, ordulari aberiatuetan denborak jasan ohi duen fosilizazio prozesua.
Anis kopa bat eskuan nuela, lana eta kirola bereizten ez dituen herri baten patuaz gogoeta alferrak egin nituen. Taberna barruan jokoan ari ziren gizasemeak, tarteka ukabilak buruaren gainetik altxatu eta mahaian sekulako kolpeak joaz.
Elgeta atetik sartu zenean, bitrinako kopa eta trofeoei begira nengoen. Irain pertsonal gisa hartzen ditut nik txatarrezko aldare horiek eta erdeinu jestoren bat eginez itzuli nintzen beharbada. Konplizitate izpi bat somatu nuen haren begietan. Nik argazki makina neraman bizkarrean eta berak soinu txikia. Mostradorera hurbildu zenean, zerbitzariak anis kopa bat ekarri zion eta seguru asko bioi edari berdinak gustatzen zitzaizkigula pentsatu nuen. Neskak familiartasun handiz edo, hobeto esan, adeitasun berezi batez zerbait esan zion belarrira. Eskuan bandeja bat zuela egin zituen joan-etorrietan begirik kendu gabe egon nintzaion eta niri ere horrelako neskak gustatzen zitzaizkidala erabaki nuen, oinekin baino gehiago gorputz osoarekin ibiltzen direnak. Zerbait garrantzizkoa erabakitzen denean egin ohi den bezalaxe, beste kopa bat eskatu nuen. Ez dakit Elgetak berak eman zidan hizpidea edo nik hitz egin nion. Biharamunean esnatu nintzenean, ez nituen zertzelada horiek gogoan. Berari ere bitrinak, txori disekatuak eta argazkiak gorrotagarri egiten zitzaizkiola aitortu zidan. Eta arteak jeneralean edertasuna disekatzeko duen joeraz hitz egin zuen. Musika bakarrik interesatzen zitzaion eta musikarekin batean dantza, biak gauzatu ahala desegiten diren adierazpenak direlako, bizitza bezalaxe, erantsi zuen.
Ni ez nengoen konforme edo edariak animatzen ninduen kontra egitera. Badaudela, esan nion, gune eta irudi batzuk bizitzaren funtsa bere horretan adierazten dutenak.
Begiak itxita jotzen ari zarenean, esate baterako, ez duzula zuk jotzen ematen du esan nion, baizik eta musikak berak erabiltzen zaituela.
Eserita edaten dutenek erakutsi ohi duten duintasun faltarekin altxatu ginen mahaitik eta pausaje baldres samarrarekin abiatu ginen bere gelara. Elkarren anparoan igo genituen ilunpean egurrezko eskailera estuak eta elkar ezagutzen hasi baino lehen jakin genuen adiskide ginela.
Ohe zuriaren gainean zegoen maleta ireki eta kartazal bat atera zuen argazki banaka batzuekin. Guztietan Elgeta bere ikaslez inguratuta agertzen zen. 1942ko fetxa zeraman batean Auntxa eta Sakabi zituen ezker-eskuin. Palonekua eta Sakabi agertzen ziren urte horretan bertan Lasturren egindako bigarren batean eta Jauregi, Zialtzeta, Maltzeta eta Sakabi berriro 45ean Orion egindakoan.
Trikitixak etorkizuna baduela sinestarazi zieat, ni neu dudaz beterik nagoen bitartean esan zuen. Gutariko zenbait soinu handira pasatu dituk azken urteotan, erromeriak bertan behera galtzen ari dituk...
Frakasoa ezagutu duen aitzindari baten etsipen tonua nabari zitzaion ahotsean, baina destino jakin baten arabera bizi direnen segurantza aldi berean. Etsipena eta fedea biak batean aurki daitezkeela, pentsatu nuen, gizon batzuen baitan.
Berriro kartazala ireki eta barrura sartzen ari zenean, argazki bat erori zitzaion. Nik neuk jaso nion lurretik. Neska gazte bat ageri zen irribarrez. Edari fuerteak bezalaxe, batzuetan euforia puntua eta hurrengoetan ondoeza ematen duten begirada horietakoa zuen. Panderoa jotzen ari zen. Ertzak gastatuxeak zituen argazki horri begira neure buruari galdegin nion eta zergatik gizon batzuei ematen zaien izaki hauskor bezain eder horiek besarkatzeko zoria eta besteoi, berriz, begiratu bai baina dastatzeko debekua. |
© Joxean Agirre