9

 

        Soinua bizkarrean ez bazeraman, ibiltzen ere ez zuela asmatzen, pentsatu nuen ezagutu eta handik egun batzuetara Antiguoko Matia kaletik etxerantza, itzal bat bezain iheskor, ikusi nuenean. Jendeari bizkar emanez zihoan, presaka antzean eta uzkur, norbait atzetik segika balu bezala.

        Itzuli eta dei egiten hasi nintzaion eta eskua gora altxata bere jatorrizko izena gogoratzen saiatu nintzen, ikasleek edo tabernako zerbitzariak bere izenez hots egingo ziotela pentsatuz. Bien bitartean autobus bat iragan zen galtzadatik eta berriro bistaratu nuenerako urrundurik zegoen. Benta Berriko plazatik aurrera, argirik eta izenik ez duten kale estuetan barrena galdu zen. Katu beltz lotiak soma zitezkeen esna espaloi ertzetan zabor poltsa eroriak zaintzen eta farol bakanen argitan emakume bat edo beste ere bai, ibilian baina geldi, edonoren esperoan, gabardina distiratsuekin haragi zurbilak estaliz.

        Hiriak bere miseriak gauaren alfonbrarekin estaltzen dituela pentsatuz etxerako bidea hartu nuen. Koartel baten ataritik pasatzean pausoa azkartu nuen. Goizaldera batzuetan atxilotuen garraxiak entzuten zirela komentatzen zuen jendeak. Antiguoko tuneletik barrena Kontxara atera nintzen. Badiak etxe dotore bateko egongela zirudien, argi guztiak pizturik, gala baterako prest. Ordua baino lehen iritsitako gonbidatuen antzera sentitu nintzen, pitin bat galdurik, eta eszenatoki ikusgarri horretan piano funebre bat bakarrik falta zela iruditu zitzaidan ekitaldi bati hasiera emateko.

        Itsasoaren golko iluna biltzen zuen eskotea, barandillaren zenefa iluna, izar submarinoak bailiran ñir-ñirka uretan islatzen ziren argiak eta tartaren erdian ginda baten gisan jarria zegoen isla eta faroa ederregiak ziruditen benetakoak izateko. Donostia urruneko hiriren baten kopia izan zitekeela otu zitzaidan, udatiarren aurrean itxurak egiteko jarria eta, diruarekin erosten diren sentimenduek bezalaxe, zerbait hutsala zuela.

        Errezelo hori buruan nuela zeharkatu nituen Alderdi Ederreko tamarindoak. Izurrite urrunen batetik ihes egindako superbibienteak ziruditen, azal eta hezurrak adabakiekin estaliz. Hesola eta makuluekin ere ozta-ozta zeuden zutik eta herriminak zuhaitzak ere gaixotu ditzakeela pentsatu nuen.

        Etxeko portalean sartu eta atezainari gabonak eman nizkion. Hark ere urruneko inperio bateko ordezkari itxura zuen edo zirkotik ihes egindako domadore baten tankera. Aszentsorean gora Elgetarekin gogoratu nintzen. Sarrerako ispiluan neure buruari egin nion agur. Bere arrarotasunak gorabehera, nahikoa tipo normala zirudiela pentsatu nuen eta, aspaldian sarri egiten nuen bezalaxe, kopa batera gonbidatu nuen. Gauean, ohera baino lehen, lasai jezarri eta hitz egitea gustatzen zitzaidan eta biharamuneko erabakiak hartzea. Edalontzian hazbete whisky jarri nuen eta kasetean lagun zahar batek oraindik orain eman zidan zinta bat, non Elgetaren pieza batzuk entzun zitezkeen. Edalontzia eskuan nuela entzun nituen lehen akordeak eta musikak eremu estremoak maite dituela ohartu nintzen, lehen mendi gailurretan aire librean egurastea gustatzen zitzaiola eta orain, hiritartu delarik, lurpeko gordelekuetan ezkutatzea, eta batean nahiz bestean eguneroko bizimoduaren amaraunetik askatzeko balio duela. Elgetaren soinuari jarri nion arreta eta zail egiten zitzaidala erabaki nuen bere musika non kokatzen den jakitea, beharbada menditik hirira bidean noraezean zebilela. Pieza batean koplak kantatzen zituen. Bere ahots urratuari nekea zerion. Maitasunari buruz mintzo zen, baina ahapeka, betiko galdu zen zerbait ebokatuz edo otoitz zahar bat errezatzen ari balitz bezala. Entzuleek poliki-poliki aldegin eta plaza baten erdian bakarrik utzi zutela ematen zuen, estatua bat euripean geratzen den bezala. Soinu txikia beharbada bakardadearen amildegiari aurre egiteko erabiliko zuela pentsatu nuen, funanbulistak sokaren gainean kontrapisua darabilen bezala. Bakarrik edateak batzuetan eman ohi duen argitasunarekin, oso pertsona gutxi direla, otu zitzaidan, amildegi horretara hurbildu eta erortzen ez direnak, eta halakoak Jainkoa bezala direla, neurri batean bederen hilezkorrak, bizitzaren alderantzia ezagutzen dutenak alegia.

        Elgetari argazki bat egitekotan gizon bat bere bakardadean erakutsi behar nuela erabaki nuen eta ideia horri bueltak ematen hasi nintzaion, edalontzian azkenetan zeuden jela zatiei eragiten nien bitartean. Artean ez nekien biharamunean lanera hots egin eta ospitalean zegoela esango zidatenik eta are gutxiago haren begiradan bizitzaren alderantzia ikusi duenaren konformidadea ez baizik heriotzaren aurpegia ikusi duenaren izua somatuko nuenik.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia