10

 

        Toka zuridun sasoiko moja batek ireki zuen atea, edo zirriztu bat bederen, bisita orduak arratsaldean zirela esateko eta horrenbestez berriro itxiko zuen azkar asko, baldin eta nik Jazinto Rivas Elgeta trikitilariaren izena aipatu ez banio.

        Munduko trikitilari handiena zela esan nion, belaunaldi berriaren maisua eta berak ere beharbada izango zuela haren entzuterik.

        — Niri batzuetan trikitilari bakarra dela iruditu izan zait —moztu zidan irribarre abegikor bat eskainiz eta erreberentzia txiki bat egin zidan, esku batarekin abituaren gonak alde batera bildu eta bestearekin atea zabalduz.

        Izugarri dantzazalea izan naiz —aitortu zuen, pasillo zurietan barrena ninderamalarik.

        Zer-nola zegoen galdegin nion. Baldosa hotzak zapaltzea galarazia balu bezala zebilen, airosa eta arin, eta jenderik bistan izan ez balu, airean ere joan zitekeela pentsatu nuen buruaren alde banatara zituen hegal zuriei esker.

        — Orain hobeto dago —erantzun zuen—. Goizaldera konorterik gabe ekarri dute, sekulako jipoiarekin.

        Pasillo zurien alde banatara beltzez jantzitako emakumeak ikus zitezkeen aulki korrituetan eserita, kontsuelo bakartzat eskuetan musuzapi zimurtuak zituztela, albisterik okerrenen zain. Telefono baten ondoan zutik ozta-ozta egoteko gauza ziren gaixoak zeuden beren bata ajatu eta zapatilla beroekin ilara egiten. Kolore berdeskak zituzten eta betazulo sakonak. Beste munduko norbaitekin hitz egiteko asmotan zeudela ematen zuen. Horma zurietan zintzilik eskeleto baten argazkiak ikus zitezkeen eta azpian erretzea debekatzen zuten kartelak. Irudiak zigarroaren lurrin gozoa ekarri zidan gogora. Ate zirriztuetatik sendagileak ikus zitezkeen jaboiarekin eskuak garbituz, esanez bezala honenak egin du. Airean usain sideralak soma zitezkeen, herioa han ingurutik artizar baten abiadan iragan berria balitz bezala.

        Gelara sartu gintzaizkionean Elgetak ez zuen bururik itzuli. Bere begirada uzkur eta izua sabaiko puntu batean iltzaturik zuen eta gu begira ez bageunde bezala segitu zuen bere bi eskuak tapakien kontra mugitzen, ahopeka doinu bat murmuriatzen zuen bitartean.

        — Ez ditu oraindik ingurukoak ezagutzen, baina bere arin-arinik zailenetako bat jotzen ari da —esan zuen Sor Mariak, eskua txistuarekin busti eta ileko kalparrak lisatzen zizkion bitartean. Almohadak zuzendu zizkion eta pijamaren mangak jaitsi, bere besoetako hezur ihar eta zuriak estaliz.

        Zango bat igeltsotan zuela, maindire artean galduta, bezperan baino txikiago iruditu zitzaidan. Umetan ohean egoteak luzatu eta zahartzaroan txikitu egiten gaituela beharbada bururatu zitzaidan, mundu honetara ataka gaizto batetik jaio ginen bezalaxe, horrela, beste mundurakoan ere zirriztu batetik kabi gaitezen.

        Sor Mariak orduan hanka puntetan jarri eta belarrira arrimatuz nire izena esan Zion altuan, gorreria dutenei edo hiltzeko zorian daudenei esaten zaien moduan, azken zera hau ikustea inoiz tokatu ez bazait ere. Elgetak eskuak tapakietatik desatxiki eta sabaian iltzatua zuen begirada jaitsi zuen. Modu arrotz batez begiratu zidan hasieran eta irribarre egin zidan gero neke handiz, irribarre egiteak min emango balio bezala eta nire bi eskuak atxiki zizkidan azkenik.

        — Zurekin ari nintzen pentsatzen. Ez dut Teresari abisu emateko Donostian beste adiskiderik ezagutzen —esan zuen.

        Ez dakit zergatik, Teresak bere gelan lurrera erori zen argazkiko emakumea izan behar zuela pentsatu nuen. Batzuetan pentsamenduak ez baizik pentsamendu horren abiadurak harritzen gaitu eta ez nion galdetu ere egin zer gertatu zitzaion.

        — Arriskuan dago —esan zuen eta ahotsa jaitsi zuen Sor Mariari begiratuz.

        Sor Mariak han segitzen zuen, leihoa pitin bat ireki, mesanotxe gaina txukundu, almohadak zuzenduz. Etxekoandre maratz eta saiatu bat zirudien, baina ez zigun belarririk kentzen. Bere maitasuna enbarazu eginez bakarrik adierazten dakiten emakume horietako bat izan zitekeela pentsatu nuen edo, besterik gabe, mundua ospitalera iristen zitzaizkion adabaki eta hondakinen bidez ezagutu nahi zuen pertsona bat.

        Elgetak Teresaren argazkia, hoteleko helbidea eta etxera bidean gertatuari buruzko zertzeladak ematen zizkidan bitartean ingurumarian ibili zen. Ez zitzaidan inondik inora burutik pasatu ere egin trikitiari buruzko jakitun bat izan zitekeenik.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia