11

 

        Ezagutzen ez nuen emakume baten bila ibili nintzen ondorengo egunetan, Elgetak berak behin eta berriz deskribatu zidan fantasma baten peskizan eta soinujolearen asmazio huts bat izan zitekeela pentsatzera iritsi banintzen ere, adiskide berriekiko sentitu ohi dugun leialtasun zahar batek bultzatu zidan segitzera.

        Parte Zaharreko ostatu batean ikusi omen zuten elkar bezperan eta, pasillo ilun baten buruan atea ireki eta elkarri begira geratu zirenean, ez ziren besarkada bat emateko gauza izan. Hain aztoraturik zeuden biak, ze inoiz elkar ikusi gabekoen kortesiarekin eseri baitziren gelako aulki bakarrean bata eta ohearen izkinan bestea. Hegohaizeak zeruan marrazten zituen laino xeheak seinalatu omen zituen emakumeak leihora begira.

        — Etxetik aldegin nuen egunean ere hegohaizea egiten zuen —esan omen zuen, datu hori egoera argitzeko klabea balitz bezala.

        Bezperan Madrildik espresoan ekarri zituen jantziekin zegoen, berokia kendu gabe eta eskuetako poltsa magalean, berriro itzultzeko geltokian trenaren zain balego bezala. Lili koloreko betazuloei, ezti koloreko begiei, sudurraren linea delikatuari errepasoa emanez, hamar urte lehenago elkarrekin bizitako momentuak ebokatu zituen eta harritu egin omen zen ez zegoela maitemindurik ohartzean. Baina, guztiarekin ere bihozkada bat sentitu zuen eta leihoaren ondoan eserita zegoen aulkitik altxatu eta hurbildu egin omen zitzaion bere behatzarekin emakumearen eskua ukitzeko, Teresa han zegoela egiaztatu nahiz bezala. Teresa han zegoen eta beste guztiak ez ziola axolarik erabaki zuen.

        — Hamar urteren buruan maitasuna itzali egiten da, baina nolabaiteko fideltasun batek eta samurtasunak hartzen dute haren lekua —esan zuen Elgetak, ni entzuten ez banengo bezala, gelako leihorantz begiratuz.

        Teresak begiak itxi omen zituen Elgetari bekokia eskainiz, gutxienik musu bat edo besarkada bat emango zion esperantzarekin, baina honek ez omen zuen jesto hori interpretatzen asmatu. Auskultatzen ari den sendagile baten ardurarekin ukitu zion bekokia lehenik, kezkak uxatu nahiz bezala, eta betagainaren gezi beltzari segituz jaitsi zuen behatza aurpegian behera ezpainetaraino. Ikara urrun baten oihartzuna somatu omen zion ezpainetan eta malkoen arrastoak aurpegian.

        — Dardarka dituzu eskuak —esan zion Teresak bere aldetik Elgetarenak estutuz.

        Hamar urte lehenago Teresarekin igaro zuen lehen gaua etorri omen zitzaion gogora. Zelatunen erromeria bukatu eta maldan behera Bidania gainera zihoazela, Teresak eskutik heldu eta ezer esan gabe bidetik apartatu omen zuen, neskak lehendik ezagutzen zuen ezkutaleku batera eramateko. Belar gainean eseri eta bailara argi zuri eta letal batez argitzen zuen ilargi beteari begira egon omen ziren isilik, ikuskizun handi bat palkotik ikusten baleude bezala. Erromerizaleen oihu eta irrintzi bakanak entzuten ziren urrunean edo hontza beldurtien uluak urrunago. Teresak beregana hurbildu eta ordu batzuk lehenago tabladu gainean jotako pieza bat berarentzat bakarrik jotzeko eskatu omen zion. Teklatuaren gainera makurtu eta aurrean zuen neskari begira jotzen hasi zelarik, ohartu omen zen behatzek ez ziotela obeditzen. Soinua lurrean utzi eta elkar besarkaturik negar egin omen zuten, baina ez beldurrak edo saminak gainez egiten digunean bezala, hasperenka eta zotinka, isilka baizik, zorionak ustekabean harrapatu eta gainez egiten digunean bezala. Maitasuna egin eta gero, despedida gisa bakarrik,jo omen zuen Teresarekin pentsatuz egindako pieza hura eta akordeak izartegian barrena edo Ernio mendiko haitzetan zehar galtzen ziren bitartean deskubritu omen zuen trikitiak ere bihozkadarik gordeenak adierazi edo iraganik urrunena ebokatzeko balio duela.

        Teresak ez zuen orain orduko distirarik begiradan. Bere aurpegiak desolazioaren agerpena zirudien. Lehen ingurukoak irribarrearekin seduzitzen zituela gogoratu zuen, begietan lehenik eta ondoren ezpainetan pizten zuen argi indartsu harekin biltzen zintuela eta sugeak txoria lokartzen duen moduan lokartu eta maitasunaren pozoia txertatzen zizula, non denik pozoirik letalena. Orain irribarre haren aztarna gisa geratzen zitzaion mueka ez zen desesperoaren adierazpena baizik.

        Poltsa ohearen gainean utziz zutitu eta Elgetari lepotik heldu zionean ere, urruna eta arrotza egin omen zitzaion emakumearen gorputza, hamar urtetako bakardadea eta urruntasuna besarkada batekin gainditzea ezinezkoa bailitzan.

        — Geure patu txarrarekin bizitzen ere ohitu egiten gara eta zorionak berriro atean jotzen digunean, ezezagun bati bezala begiratzen diogu —esan zidan Elgetak.

        Maite izan ditugun pertsonen pisua eta bolumena maitasunarekin batean desegiten direla pentsatu omen zuen, bere besoen artean izaki hauskor eta irreal hura estutuz.

        Emakumeak urruneko hiri baten izena aipatu omen zion belarrira, naufragoak isla bat edo gaixo batek miraria inbokatzen duen debozioarekin, Teresak lekuetan sinesten baitzuen, zorioneko edo zorigaiztoko egiten gaituzten lekuen berezko adurrean.

        Elgetak Teresa ikustearren urte batzuk lehenago Madrilera isilka egindako bidaia gogoratu omen zuen, gauaren arbel beltzean neoizko argi arrosez idatzitako kabaretaren izena, bestibuloko horma tapizatuetan enmarkaturik ageri ziren Teresaren argazkiak, lokal barrura sartu eta sentitu zuen amildegi baten ertzean zegoen sentsazioa, eliza ilun batean kandelak bezala mahai gainetan pizturik zeuden argi geldoen dirdira, ilargi betearen antzera eszenategia argitu zuen argi kono urdina, zilar distirak zituen Teresaren soinekoa eta, batez ere, bateria hots izugarriek lagunduta esku ikusezinek derrigorrean bezala jantziak kendu zizkiotenean emakumearen gorputz biluziak zuen zurbiltasun irreala eta urruna.

        Desioa bai, baina aldi berean lotsa eta damua sentitu omen zituen gau hartan eta ikusitakoa ahazteko asmo sendoarekin atera zen kalera eta orduak egin zituen espaloi ilunetatik zehar, panpano hosto bustiak zapalduz, atalburu argitsuetatik algarak eginez ateratzen ziren emakume gona motzei erreparatuz, agian Teresa ere horrelaxe, gizonezko baten arrimoan etxerantza zihoala imajinatuz.

        Orain berriro iraganaren hondakinetan aztarrika hasteko gogoa sentitu zuen une batez, tarteka ziztada batek zauri zaharkituak gogoratzen dizkigun bezala. Teresak, ordea, ihes eginez lurperatu nahi zuen iragan hori. Hegazkin bat, pasajeak eta hiri urrunen izenak aipatu omen zituen ostera, bukatu gabeko maitasun historiak utzitako puntuan berriro hartzea zilegi balitz bezala.

        Elgetak baietz esan nahi zion, hamar urte luze haietan ez zuela izan beste ametsik, ihes egiteko prest zegoela, berak ez zuela inon sustrairik, izatekotan ere musika zela bere aberri bakarra, baina amets gaiztoetan gertatu ohi den bezala, berea ez zen ahots batek kendu omen zion hitza eta berandu zela, bizitzan ez dagoela bigarren aldirik, ez dagoela hutsetik berriro abiatzerik esan omen zuen, berea zenik inoiz juzkatuko ez zukeen ahots irmo eta sosegatu batekin.

        Teresa abere zauritu bat bezala jauzi omen zen lurrera astiro baina dohakabeki, bere eskuekin gizonaren arropak atzamarkatuz eta Elgetaren orkatilei helduta geratu omen zen lurrean, kupidarik gabe negarrez, suspirioka, errukarri.

        Elgeta zangoak besarkatzen zizkion emakumearengandik libratu eta leihora hurbildu omen zen.

        Urgull mendiaren magaleraino luzatzen ziren teilatuen olatu gorriztei begira, barrena irabiatzen Zion mendeku egarri bat somatu omen zuen, suak edo edari zaharrek bezala odola berotu eta zainak garbitzen zizkiona. Sentimendu indarberritzaile horrek gerrako oroitzapen zehatz batzuk ekarri zizkion gogora, orduan bakarrik, berak ozta-ozta hogei urte zituela, sentitu baitzuen mendekuaren sugarra erraietan.

        Eguzkiaren azken printzak teilatuen itsaso gorriztan hiltzen ari ziren bitartean, Elgetako frentera joan zitzaion memoria eta buztinez egindako giza irudi batzuk ikusi zituen. Batzuk beren horretan zeuden, metralla zatiren batek zauritu eta hilik, lokatzetan geldi, baina beste batzuk oraindik mugitu egiten ziren eta lurrezko estatua bati dagokion nagitasunarekin altxatzen zituzten beren fusilak zeru grisa urratuz zetozen hegazkinei mehatxu alferrak eginez. Bonbardaketa horietako bat bukatu eta pisu handiko estalki bat bezala lurraren gainean isiltasuna erori zenean, negar-zotin batzuk entzun omen zituen eta harriturik begiratu omen zuen ingurumarira, txikizioaren ondoren norbait bizirik geratzea mirari bat balitz bezala. Adiskideak ikusi zituen, eliz atarietako frisoetan harrizko irudiak bezala, hormatik ihes egin nahirik, lokatzetatik irten nahiz jarrera groteskoenetan hilik. Fusila lurrean utzi eta negar egitea erabaki omen zuen eta orduan ohartu zen, entzuten ari zen negar-zotinak bereak zirela. Eta horrela, berriro zeru grisa urratuz zetozen hegazkinen kontra fusila altxatuz, adiskideen bizia ez zela mendekurik gabe geratuko zin egin omen zuen.

        Orain, alderantziz, burua itzuli eta zerutik lurrera jaitsi zuen begirada, zoruaren kontra kiribildurik zegoen emakumea ikusi zuen eta, berak ere ez zekien zergatik, ez zuela mendekua beste biderik erabaki zuen. Pausaje azkarrez ateraino joan eta kalera irten omen zuen.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia