13

 

        Aztarna seguru bakartzat aspaldiko argazki bat sakelan neramala ibiltze aldera ibili nintzen ezagutzen ez nuen emakume horren bila, bisitatu nituen hirian izan zitzakeen adiskide apurrak eta behinola Elgetarekin egondako lekuak, jakitun aldez aurretik ez nuela aurkituko, zeren lekukoek eta soinujoleak berak itzal-gaizka igarotako fantasma baten arrastoak baizik ez baitzizkidaten eskaintzen.

        Bezperan bildu ziren hoteleko zaindariak esan zidanez, bisitariaren ondotik berehala aldegin omen zuen Teresak. Señorita hitza erabili zuen behin eta berriz, aszentsoretik irten zenean egin zion inpresioa esplikatzeko. Ez omen zeraman eskuetan balijarik, horrek ere harritu egin zuen, ez baita normala emakume batek ekipajerik gabe bidaiatzea, poltsa bat zuen soilik zintzilik eta, hala ere, pisu handi bat daramanaren pausaje nekatuarekin hurbildu omen zitzaion mostradorera kontua eskatzera, noraezean galduta balebil bezala. Kapela doi alborantz erori eta betaurreko beltzekin estaltzen zuen aurpegia, horrela oharkabean pasatzeko edo. Bere azalaren zurbiltasunak deitu zion atentzioa eta takoidun zapata altuak, zango zutunak estaltzen zizkioten galtzerdiak eta traje iluna edadea disimulatzeko modu bat baizik ez zirela iruditu zitzaion.

        — Beti izan ditut begiko emakumez disfrazatzen diren neskatxa gazteak —aitortu zidan zehar-begirada batekin. Dagoeneko ez nuen dudarik, emakume kontuetan jakitun baten aurrean nengoela.

        Hala ere, ez omen zuen señorita horren irudia hain bizirik gordeko, baldin eta mostradore gainean guante beltzak utzi eta poltsa irekitzeko jesto berezi bat egin ez balu, jesto dotore bezain lizun bat, arma labur bat atera edo gizonezko baten sexua laztantzeko egingo zukeen bezala, esan zuen eta berriro zeharka begiratu zidan.

        Ezkela zen begi batetik eta zintzurreko gorgoila gora eta behera zebilkion uniformearen lepo zabaletik atera eta sartu. Badaudela pentsatu nuen profesio batzuk sikopatentzat propio asmatuak eta hoteleko pasilloetan barrena imajinatu nuen gauez bere peskizak egiten.

        Señoritak poltsa irekitzeko erabili zuen jesto bera egin omen zuen berriro ixterakoan, edozein aztoratzeko moduko imintzioa eta atarirantz abiatu omen zen, min sakon batek narkotizaturik edo zama gorde bat garraiatuz bezala, baina zutik aldi berean eta eder, batez ere eder, zaindariak ateraino lagundu zion, zer gerta ere bi eskuekin heltzeko prest eta taxirik nahi al zuen galdegin zion. Ez baietzik ez ezetzik ez zion erantzun. Begirakun arrotzez begiratu omen zion, galdera konprenitu ez balio bezala, haize hotzaren kontra pitin bat makurturik zigarro bat piztu zuen eta han bertan geratu omen zen, beste egitekorik ez balu bezala, sartzen edo irteten zirenen forogu, sarrera zaintzen zeuden harrizko lehoi otzana eta zuhaitz berdea bezain geldi.

        Taxiak ate abegikor bat zabaldu eta haren altzoan eseri zenean bakarrik aldatu omen zitzaion espresioa, kolpetik zerbait gogoratu balu bezala, eta betaurrekoak kendurik eskerrak eman omen zizkion zaindariari.

        Señoritaren begirada eta lurrin usainarekin gogoratzen ari omen zen oraindik, Teresaz galdezka bi gizonezko hurbildu zitzaizkionean. Beren itxuran, jazkeran, hizketako moduan kanpotarrak zirela antzematen omen zitzaien eta agurtzeko eskua luzatu zuenean, pistola baten funda somatu zion galtzarbean bati. Señoritak ere bere poltsan arma labur bat zeraman ustea sendotu egin zion horrek eta bila zebiltzan emakumeak ordubete lehenago aldegin zuela esan omen zien.

        Nik eskupekoa luzatuz Teresa eraman zuen taxistaren izena eskatu nion. Gizona kolpetik zentimetro batzuk txikitu zela iruditu zitzaidan. Mirabetasunez jaso zuen saria eta bere zereginetara itzuli zen, nirekin inoiz hitz egin ez balu bezala, ezpainekin txistua joaz.

        Auto barrean sartu eta egun bat lehenago Teresak egin zuen ibilbide bera egiteko agindu mon taxistari. Boulevarrari itzulia eman eta Paseo Berrirantz abiatu zen.

        Kaio ingrabidoak ikus zitezkeen airean zintzilik eta bitsa zerien olatuak altxatzen ziren barandilla herdoilduaren kontra, aldika galtzada zipriztinduz. Irudi bakartiak zeuden han-hemenka geldi, zerbaiten zain baleude bezala, begirada urrunean zutela.

        — Hemen minutu batzuk egin zituen itsasoari begira —esan zidan taxizaleak, autoa bazterrean aparkatuz.

        Itsasoari begira egotea suizidatzeko modu arin bat dela bururatu zitzaidan, inguruan nituen giza irudi geldiei erreparatuz.

        Bi eskuak berokiaren poltsikoetan sartu eta minutu batzuk egin nituen nik ere ozeanoari begira. Itsasoak sosegurik gabe lo egiten duen aberetzar baten bizkarra zirudien bere borobiltasunean. Arnasa hartzeko eragozpenak zituela ematen zuen. Tarteka, ordea, ahotik lerdea zeriola, itsasertzeko harkaitzei haginka erasotzen zien. Harrien kontra ateratzen zituen orroek eta tartekatzen ziren isilguneek amaren sabeleko hotsak ebokatzen dizkigutela beharbada pentsatu nuen eta horregatik itsasoak iraganmina sortzen digula eta une horretan Teresa ere zerbaitengatik despeditzera etorri ote zen errezeloa izan nuen.

        Leku horretan bertan imajinatu nuen, haizearen kontra zutik, hauskor baina lerden, eta bere begirada nekatuan aldez aurretik galduko duela jakinda ere jokatzen duenaren ausardia eta harrotasuna somatu uste izan nituen. Harriturik, ni ere Teresaren irudi bat asmatzen ari nintzela ohartu nintzen eta, okerrago dena, irudi horrek kupida eta aldi berean mirespena sortarazten zizkidala.

        Kontaduria sinple bat egin eta bazirela bospasei urte erabaki nuen ez nintzela maitemindu eta bistaz bakarrik ezagutzen nituen emakumeekin gustatzeko nuen joera malapartatua gogorarazi behar izan nion nire buruari. Teresa ez nuen bistaz ere ezagutzen.

        Taxizaleari begiratu nion eta presa keinu bat egin zidan. Teresak, atzeko eserlekuan sartu, malkoak lehortu eta gidariaren ispiluan begiratuz bere kapelari aldero doi bat ematen zion bitartean, Norteko geltokira joateko agindua eman omen zion. Kursaaleko zubia zeharkatu eta ibaiaren ertzean gora abiatu omen ziren. Ordurako iluntzen hasia zegokeela gogoratu nuen. Teresak seguru asko Urumeako ur gris irisatuan islatzen ziren hiriko argiei erreparatuko zien, buruz behera agertzen ziren etxeei edo gurpilez gora, zeru itzali berritik zintzilik, zubia iragaiten zuten autoei, egoera horietan gauzak begiratzen diren eran, begiak leku batean eta burua bestean, ondoko orduetan egin beharrekoetan pentsatuz, Frantziako ibilbidetik barrena geltokira iritsi arte. Han kontsignara joan eta maleta beltz bat eskuan zuela itzuli omen zen eta hura altzoan zuela autoan berriro eseri eta hiri erdiko klub baten izena eman omen zion taxizaleari.

        Une horretan burdinaz kargaturiko bagoi ilara bat pasatu zen kerarik egiteke geltokitik. Elkarri lotutako zerraldo ilunak ziruditen destino ilunago batera bidean. Egiten zuten zaratak galarazi zidan klubaren izena entzutea. Billete batzuk luzatu eta leku horretara eramateko agindu nion.

        Goiz antza zen oraindik sartu nintzenean. Ate akoltxatuari eragin eta harmaila batzuk jaitsi nituen itsumustuan. Barraren kontra aulki altuetan eserita zeuden emakumeek buruak jiratu zituzten, oraindik desokupatuak zeudelako edo. Hitz egite aldera joaten diren adineko gizonezko batzuk bakarrik zituzten inguruan eta planta arraroko hiru gizaseme zeuden barraren izkina batean edalontziak eskuetan zituztela.

        Nik ere whisky bat eskatu nuen eta nire esku bateko behatzak musikaren erritmoa markatzen somatu nituen barrako eskaiaren gainean. Antzeko leku batean gauza hori bera egiten neure burua ikusitako irudipena izan nuen eta horrek sortu zidan ondoeza baretzeko whiskyari trago luze bat jo nion. Planta arraroko hiru gizonak elkarrekin hitz egiten ari ziren. Hiruetako batek boxeolari aurpegia zuen. Tarteka besteak beregana bildu eta ahopeka aginduak ematen zizkien. Haiek ere iritsi berriak ziruditen, betaurreko beltzak eta gabardinak kendu gabe baitzituzten.

        Whiskyaren berotasunak burua argitu balit bezala, kolpetik ohartu nintzen horiexek izan zitezkeela bezperan Elgeta jipoitu eta orain Teresaren bila zebiltzanak, Teresaren bila edo, beharbada, maleta beltzaren atzetik eta leku horretara iristeko nire pista beretsuak jarraituko zituztela.

        Une horretan ohartu nintzen ni ere Teresaz maitemintzen hasia nengoela eta eskuratu ezin diren emakumeak maitatzen diren eran maite nuela dagoeneko, desesperazioz eta etsipenez; bere bila egun bat bakarrik baneraman ere, bizitza osoa neramala nolabait bere atzetik, nahiz eta jakin ez nuela inoiz aurkituko. Bera bezalako emakumeak ez direla inorenak deliberatu nuen, askeak direnez guztionak direla, gizateriaren ondare izatekotan ere, artea eta edertasuna diren bezalaxe.

        Maitasunaren bertsio domestikoarekin konformatzen diren nire adiskideekin gogoratu nintzen kupida pitin batekin. Bonsai-zaintzaileak bezala ikusi nituen, beren altxor txikia etxebizitzaren neurrietara egokitzeko afanean. Maitasuna ez dela barruko lorea, erabaki nuen.

        Teresaren paraderoa imajinatzen saiatu nintzen: bere takoi hotsen oihartzunak soilik entzungo ziren kale mortuan barrena ihesi zihoakeen une honetan, itzal etsaien zelatan beti, tarteka esku batarekin poltsan daraman pistolaren kulata hotza laztanduz, arriskuaren aurrean helduleku bakarra horixe bailuan.

        Whiskyari azken tragoa jo eta ekintzarako presta zedila agindu nion neure buruari. Horrelako zerbait sentituko zutela heroiek ere arriskuaren aurrean, pentsatu nuen, odolaren irabioa zainetan eta nik sentitzen nuen hoztasun argitsu hori buruan.

        Tarteka emakumeren bat edo beste hurbiltzen zitzaidan zigarroen edo suaren eske. Eskote sakon eta ilunak zituzten eta bizkar biluziak. Ilajeko kolore sintetikoak distira fosforeszenteak egiten zizkien barraren gaineko argien pean, nolabaiteko birjintasunaren aura bat baleramate bezala. Nahi gabe ere Teresarekin konparatu nituen. Generoaren ezaugarri zenbait izan zitzaketen amankomunean, ez besterik.

        Zerbitzen ari zen neskari jabearekin hitz egin nahi nuela adierazi nion. Bere mami zuri borobilak mostradore gainean jarri zituen, enbarazu egingo baliote bezala, eta neure izenaz galdegin zidan. Teresaren adiskide bat nintzela adierazi nion. Irribarre batekin ezkutatu eta irribarrez itzuli zen eta bere mami borobilak berriro barraren gainean jarriz bigarren erreserbatuan itxoiteko esan zidan belarrira.

        Argi geldo bana gainean pizturik zuten mahaien artetik abiatu nintzen eta, zerbitzariak esan bezala, argi gorri eta zenbaki bana zuten ate batzuekin egin nuen topo. Haietako batetik adineko gizonezko bat atera zen trajearen txaketa lotuz eta emakume bat atzetik bere orrazkerari ukituak emanez.

        Bigarren atea zabaldu eta barrura sartu nintzen. Horma akoltxatuz bilduriko gela mehar baten erdian mahaitxo bat ikus zitekeen eta hormaren kontra zegoen diban luze batean eserita emakume bat argitzalean.

        — Ez da lasai hitz egiteko lekurik aproposena, baina eser zintezke nahi baduzu. Ni ere Teresaren adiskide naiz —esan zidan eskuarekin nire eserlekua seinalatuz.

        Irekiduratik izter bat bistan uzten zion soineko luzea zeraman. Horrelakoa zela, gogoratu nuen, abereak kanalean ireki eta barrunbeek zuten itxura. Aparte antzean eseri nintzen arren, haragi zurbil haien epeltasuna soma nezakeen.

        Elgetari gertatua esplikatzen hasi nintzaion ni. Hark mahaitxoaren gainean zutik zeuden bi edalontziak seinalatu zituen, historiak gehiegi axola ez balio bezala.

        — Guzti horren berri badut eta badakit baita ere Teresa non dagoen, hori baita seguru asko zuri gehien ardura dizun auzia, baina horretara baino lehen mesede bat eskatu nahi nizuke —esan zuen eta bere whiskyari lehen tragoxka jo zion niri begietara zuzen begiratuz. Haren begiradari ez zerion berotasun izpirik ere, kalkuloa eta azerikeria baizik.

        Emakumearen lurrinak, edariaren beroak eta leku itxiei diedan fobiak ondoezik sentiarazten ninduten. Beldurrak eta damuak ere batzuetan gaixo jar gaitzaketela gogoratu nuen. Izerdi tanta lodiak somatzen nituen bizkarrean behera. Altxatzen hasiz gero bertan zerraldo eror nintekeela pentsatu nuen.

        — Zuk esango didazu, nire aldetik prest naukazu edozertan laguntzeko —atera zitzaidan. Atzerantz begiratu nuen disimuluan, hitz egin zuena beste norbait ote zen errezeloarekin, halakoxea baitzen ahotsaren segurtasuna. Ez zegoen inor. Dagoeneko izerdia kopetan behera sentitzen nuen. Banekien hurrengo esaldian maleta beltza aipatuko zuela.

        — Maleta bat utzi zuen Teresak hemen Elgetari eramateko eta eskertuko nizuke ospitalera eramango bazenio —esan zuen eta, amultsuki hurbilduz, bere bi eskuak nire belaunburuetan ezarri zituen—. Oraingoz ezin diezazuket Teresaren helbiderik eman. Bera jarriko da luze gabe zurekin harremanetan.

        Zutik jartzea erabaki nuen, nire egitekoa zein zen konprenitu nuela adieraziz. Bera ere zutitu egin zen eta nire lepoan bildu zituen bi eskuak.

        — Gehienetan bat etorri izan naiz gustuetan Teresarekin, maitaleetan izan ezik. Zu zarela uste dut salbuespen bakarra —esan eta musu heze baten marka utzi zidan belarri azpian.

        Dibanaren azpira makurtu zen gero eta maleta beltza atera zuen, niri eskainiz. Nik ere musu bat eman nion lepoan eta haren eskuetatik libratu nintzen.

        Atetik kanpora atera eta lababoetara jo nuen. Derrigorrezkoa nuen urarekin aurpegia freskatzea. Maleta lurrean utzi eta kanilaren azpira makurturik egon nintzen luzaz eta, toaja baten bila burua altxatu nuenean, ez nengoela bakarrik ohartu nintzen. Aurrean nuen ispiluan lehen barraren kontra ikusitako boxeolariaren aurpegia ikus nezakeen eta bizkarrean pistola baten punta hotza somatu. Egun batzuetako bizarrak nabarmenago egiten zizkion aurpegian zituen zaurien arrastoak. Beheko ezpaina hiruzpalau zatitan josia zuen. Hala ere, ez nintzen asaldatu. Eszena hor bera beste nonbait ikusitako susmoa nuen eta gogoratu ezinak ernegatzen ninduen.

        — Ez zaitezela urduri jar. Hori besterik ez dizut eskatzen. Ez duzu eskuak gora altxatu beharrik. Oso nabarmen geratzen da, nabarmenegi. Gainean ezer daramazun begiratu nahi nizuke eta gero nire adiskideei itxoingo diegu. Ohartuko zinen bizkarrean zerbait duzula, nire pistola da, ez da besterik. Minutu bateko kontua da. Ez ditugu gure lanak beti txukun egiten, baina azkar bai. Ni Ezkurra naiz, Ezkurra boxeolaria, ez dakit entzuterik duzun, nire garaian inork ez zidan bi asaltotik gora iraun —esan zuen.

        Mediku bat gaixoari zuzentzen zaion tonu abegikor eta eztiarekin mintzatzen zitzaidan, nire txaketa eta galtzak katxeatzen zizkidan bitartean. Gogoz kontrako lan batean ari zela ematen zuen.

        — Teresak ihes egin dit. Ez natzaizu hemen hasiko gertaeraren berri ematen. Zuk ere ez duzu esplikazio lehorrak entzuteko umorerik izango. Ez genekien, egia esan, zu Teresaren laguna zinenik, baina maleta horrek salatu zaitu. Galdera bakar bat dut, beraz, zuri egiteko. Non dagoen jakin nahi nuke. Hamar urte luze egin ditugu elkarrekin eta gutxienik agur esan nahi nioke. Detalle hori zor diodala uste dut —esan zuen eta pistolaren kanoiarekin saihetsean zirikatu ninduen.

        Une horretan bere bi adiskideak agertu ziren.

        — Berandutzen ari da. Gero eta bezero gehiago ari da sartzen eta ezin gintezke hemen luzamendutan ibili —esan zuen haietako batek eta besotik heldu, hormaren kontra jarri eta ukabilarekin urdailean kolpe bat emateko keinua egin zuen.

        Maleta beltzak han segitzen zuen lurrean jaberik gabe, gauza ahantziek duten gelditasun arraro horrekin. Ez zuen inork barruan zeramana begiratzeko interesik.

        Ez nuela nik Teresa ezagutzen, ez nekiela non zegoen ere, Elgeta soinujolea ere ozta-ozta ezagutzen nuela esplikatzen has nintzaien, baina nire ahotsak ez zuen inolako sinesgarritasunik.

        Une horretan kolpe batzuk entzun ziren komuneko atean. Bezeroren bat zegoen nonbait berantetsirik, nire zaindariek elkarri begiratu zioten. Batek kolpe bat jo zidan urdailean. Boxeolariak besoa bizkarrean bihurritu eta Teresaz galdegin zidan berriro. Tonuan antzematen zitzaion pazientzia galtzen hasia zegoela. Ahotik alkohol kiratsa zerion.

        — Astindu ezazue pitin bat, ea memoria argitzen zaion —agindu zien bere bi adiskideei.

        Nik ez dut besterik gogoan, nire onera itzuli nintzenean, ospitaleko gelan nengoen. Elgetaren ondoko ohean. Hark ez bezala, ordea, ez nuen inolako hautsirik. Elgetari begiratu nion eta irribarrea izan nahi zuen muka bat egin zuen ezpainekin. Ohearen oinean maleta beltza zegoen irekirik. Barruan, matxurarik gabe, soinu txiki bat ikus zitekeen.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia