|
14
Hiru egun luze igaro nituen ospitaleko gela zuri hartan oheari lotuta, odolaren kolpeak zaurietan eta denboraren joana suero botilari zerion itoginean neurtuz, sukarrak horretara bultza egingo baligu bezala etengabe hizketan, oroitzapen zaharrak ebokatuz, gizasemeek egiten duten eran elkarri begiratu gabe, hormen zuritasunean begirada galdurik, komentziturik biok nolabait Teresa une batetik bestera ager zitekeela.
Horma zuri horiei begira Teresaren aurpegia irudikatu nuen behin eta berriro, nire estudioko bakardadean paper zuria azidoetan sartuz irudiak errebelatzen ditudanean bezalaxe, Elgetak ondotik bere bizitzako adabakiak jaulgitzen zizkidan bitartean. Banekien, noski, baldin Teresa atea ezarian jo eta gaixoei zaien begiruneagatik hotsik atera gabe zapata takoidunak tentu handiz baldosaren gainean pausatuz gelara sartu izan balitz, ez nuela bete-betean asmatuko, baina banekien aldi berean, emakume eder gehienekin gertatzen den gisan, bere aurpegian haurtzaroko ezaugarriak eta gaztaroko edertasuna bilduko zituela, heldutasuneko neke eta etsipen aztarnekin batean. Banekien baita ere, irudi horren aurrean, zangoan odolak kolpatzen ninduen bezalaxe, odola baino indartsuagoa den beste zerbaitek bihotzean kolpatuko ninduela, tamalez zorigaiztoaren kolpeak eta ausikiak zorionarenak baino askoz ere zehatzagoak izaten direla frogatuz. Elkar ez ezagutzeak emango zidan abantaila bakarraz baliatuz, goitik behera begiratzeko abagunea izango nuen. Ez nuen espero ikusi orduko miresten diren edertasun horietako batekin topo egiterik, horiek luzera aspergarri egiten baitira. Nahiago ditut edertasuna tarteka agertzen duten emakumeak, estalki bat kenduko balute bezala. Une horiek hunkitu egiten naute eta nostalgiaz beterik uzten, berriro mirari hori gertatuko den esperantzarekin alegia.
Heldutasunaren estalkia kendu eta biluzik geratzen diren mirari une horietan iragana bistara dakieke aurpegian, inoiz ukatu zitzaien gaztetasuna indar berriz loratuko balitzaie bezala. Une horietan eguzki urrun batek argi egiten diela ematen du.
Oraindik berokia kendu gabe, eskuetan lore sorta bat duela beharbada, ohe bien arteko pasillo estuan zutik, Elgetarekin hizketan ari den bitartean, daraman ile gorriztari erreparatuko niola pentsatzen nuen, melena motz eta berezi bat, ez koloreagatik bakarrik, mugitzeko zuen era jostalariagatik baizik. Elgetak adreilu kolorea aipatu zidan. Nik zerbait ilunagoa behar zuela pentsatzen nuen, kobrea esate baterako, aurpegiko azal zurbilarekin kontrastean.
Irudiak zehaztasunez irudikatzeko dudan jarrerak eraginda, Teresa azal zurbilekoa imajinatzen nuen, alabastroaren zuria peka bakan batzuekin. Inoiz behin saiatu izan naiz nire estudiora etorri diren modeloekin aurpegira begiratuz gorputzeko zoko-mokoak deduzitzen, ageriko ileak, ezpain edo masailek ezkutukoekiko simetria bat aldarrikatuko dutelakoan, gero egiaztapenik gutxitan egin badut ere. Ez zitzaidan, beraz, batere kostatzen Teresaren gorputz zurbila han-hemenka peka batzuekin imajinatzea. Zurbiltasun horrek liluratu zuen behinola Elgeta ilargi betea zen gau batean erromeriatik etxera bidean eta zurbiltasun horrek nahastu zuen berriro urte batzuk geroago Madrilen ere.
Elgetak berak kontatu zidan isilka egin zuen bidaia hori. Adiskide batzuek Teresaren berri kontatu ziotenetik, kabaret batean lanean ikusi zutela esan ziotenetik alegia, ez omen zuen joan gabeko onik izan. Hasiera batean ez zuen sinistu nahi izan eta gero, zurrumurruak egiaztatu zirenean, ez zuen onartu nahi.
Alferrik saiatu zen bere burua lasaitzen, emakume horrekikoak aspaldi egin zituela gogorarazten. Ideia bakar horrek okupatzen omen zion gogoa, galarazten gauez loa eta egunez barruko bakea. Zeloekin erresuminduta, koldarkeriak ere berarekin duen korajeak bultzata, erabaki omen zuen bisita egitea. Soinua irakasten zien ikasleei aitzakia merkeak asmatu eta goiz batean eguna zabaldu baino lehen irten omen zuen baserriko atetik, itzal baten gisa galdu-gordean, eskuan maleta zimur bat zuela. Errepidera zeraman bide malkorrean behera horixe zela erabaki omen zuen bere patua, etxerik gabekoen zeinua, errorik ez dutenen seinalea, lekuan lekuko zakurrek atzetik zaunka egitea.
Urteak zeramatzan horrela Gipuzkoan barrena baserriz baserri soinua erakusten. Ikasleek miresten zuten, adiskideak ere bazituen, emakumeak ez ziren gaizki portatzen berarekin, bazeuden losentxak egiten zizkiotenak ere, baina etxe bakoitzeko ate-zakurrak gogorarazten zion bera ez zela inongoa, ez zela azken batean mundu honetakoa.
Tolosako tranbian lehenik eta Madrileko espresoan gero ohartu omen zen soinu txikirik gabe ez zekiela moldatzen. Lehendik ere bazekien, noski, musika zela bere gordeleku eta babesa, berak maite zuen aberria, baina trenean zihoala ohartu omen zen, zangoa anputatu dioten gaixoaren nostalgiarekin, soinua bera zela zutik ibiltzeko ere behar zuen heldulekua eta sostengua.
Teresarekin gogoratu zen gero eta kolpetik, haurrak ilunpean beldurra uxatzeko kantatzen hasten diren eran, biribilketa bat konposatzen hasi omen zen. Maleta ireki eta berarekin eraman ohi zuen blok bat atera zuen eta han, sukarrak eragiten duen afanarekin idatzi omen zituen lehen nota eta klabeak. Tolosako baserri bateko armairuan gordeta utzi zuen soinuaren falta sentitu omen zuen. Begiak itxi eta bere irudimenarekin ukitu omen zituen soinuaren tekla hotzak, maitale batek lehen aldiz maitearen gorputza ukitzen duen tentu eta arreta berarekin. Goizaldera, biribilketa berriaren azken notak jotzen ari zela, hartu omen zuen loak eta esnatu zenean Gaztelako lur mortuetan barrena omen zihoan trena, zeruan ilargi hotzak abiadan jarraitzen zien bitartean. Teresarekin egin omen zuen amets eta Zelatundik beherakoan lehen aldiz maitasuna egin zutenean bezalaxe, biribilketa berria jotzeko eskatu omen zion ilargi betearen argitan biluzten ari zen bitartean. Oraingoan, ordea, ez zeuden Ernioko zelai zoko batean, Madrilgo kabaret bateko eszenategian baizik eta ilargi betea ez zen argi fokoaren uztai borobil eta hotza baizik. Teresa antzaldaturik agertzen zen, bere ezpain finak gorriztaturik zeuzkan, odoletan bezala, eta atzazal zorrotzek bizkarra urratzen zioten maitasuna egiten ari ziren bitartean.
Elgeta izerditan esnatu omen zen eta eskuetan soinuaren teklak eta Teresaren azal zurbila aldi berean ukitzen aritu zen sentsazioa omen zuen.
Puzzle bat osatzen denbora galdu alde ari denaren pazientziarekin segitu nuen nik ere Teresaren aurpegia osatzen. Egun horietan sakelan erabili nuen argazkiko ezaugarriez baliatzen nintzen eta hamar urteren buruan denborak zer aldatu ote zuen galdegiten nion neure buruari. Ezpain meharrak zituen, meharregiak beharbada, baina ez sentsualitaterik gabeak eta esperientzia pitin bat duen edozein gizonek esnatzeko modukoak zirela erabaki nuen. Begiek bai, ezti koloreko begi handi haiek, zerbait erakargarria ezkutatzen zuten, misterioren bat argitzeko gonbita beharbada, baina ezin daiteke esan besterik gabe inor lilura zezaketenik. Argazkiko Teresak betagain lodiak zituen, baina banekien orain depilaturik eramango zituela, depilatuegiak beharbada nire gusturako, aurpegiaren bi aldeetara galdera ikurraren hasiera bana markatzen zuten bi trazo meharren gisa. Oro har ez nuen aurpegi hartan gizon bat inkomodatzeko adinako elementurik somatzen. Eta, hala ere, banekien Teresak bere inguruan halako egonezin bat sortzen zuela eta neu ere eragin horren pean erortzen ari nintzela.
Zer ote da emakume batengan gizonok liluratzen gaituena? galdegin nuen Elgetaren isilgune bat aprobetxatuz. Galdera altuan egin nuela ohartu nintzen.
Teresaren kasuan mugitzeko era zen erotzen ninduena esan zuen. Dantzari ikusgarria izaki, maiz, bere tamainako bikote bat aurkitzen zuenean, jendeak korroa egiten zion inguruan. Teresak beti mutilaren aurpegira zuzen begiratuz egiten zuen dantza, hizkuntza mutu bezain lizun batekin mintzatuz, begiradarekin aginduak emanez eta irribarrearekin promesa ezkutuak eginez. Arin-arinaren edo fandangoaren laugarren pausoan, bikotearekin gurutzatzen zenean, ukitzeraino hurbiltzen zitzaion mutilari eta une horretan belarrira hitzen bat edo beste esaten ote zion iruditzen zitzaidan beti eta ni zeloek erremintzen ninduten, begira zeuden gizonezkoek oihuak eta deiadarrak egiten zizkieten bitartean. Teresaren inguruan horrela korroa egiten zenean, bost eta sei bueltako piezak jo behar izaten nituen eta mutila arnasestuka, erabat nekaturik, erretiratzen zenean, bigarren batek hartzen zuen haren lekua eta hirugarren batek gero bigarrenarena. Teresaren zangoen liraintasuna miresteko zabaltzen nituen begiak, baina aurpegian somatzen zitzaion zorionak min ematen zidan. Pieza bukatzean, jendearen txaloen artean mutilak Teresa gerritik heldu eta gora jasotzen zuenean, erregina batek bezala begiratzen zuen, eskuarekin adiskideak agurtuz edo tiobibora lehen aldiz igo den neskato batek bezala irribarre eginez. Nik ez dakit dantzan, eta behatzak bakarrik mugitzen dituen elbarri baten pare sentitzen nintzen tarima gainetik emakumeari begira. Gero, adiskideak utzi eta niregana, panderoarekin laguntzera zetorrenean, kaixo! soil bat esaten zidan belarrira, baina hitz bakar hori nahikoa izaten nuen berriro nire onera itzultzeko.
Ibiltzeko eran ere zerbait beroa eta lizuna zuen, zerbait, nola esango nuke, aberekoia. Horregatik zituen beti gizonak atzetik esan zuen eta pausaldi bat egin zuen, oroitzapen mingotsek goibeldu balute bezala.
Sor Mariaren toka iluna ikusi nuen gelako ate zirriztutik sartu eta ateratzen. Ez zigun begirik gainetik kentzen.
Inguruan ibiltzen zitzaizkion horietako bat zen Ezkurra ere esan zuen, kontakizun luze horren gailurrera iritsi eta atseden hartzea erabaki balu bezala. Bi egun lehenago nik Donostiako pub hartan ikus nuen boxeolaria zela ohartu nintzen.
Inork baino hobeto egiten zuen dantzan eta inork ez bezala egiten zuen borrokan ere. Bi gauza horiek erakusten zuten gizatasuna erromeria lekuetan segitu zuen. Ahotsean gorroto teju bat nabari zitzaion. Eta Inork baino diru gehiago manejatzen zuen gainera. Basoerdi bat ordaintzeko ere atzeko patrikan eskua sartu eta billete sorta bat ateratzen duten horietakoa zen. Sasoi horretan kargajasotzera dedikatzen zen.
Elgetaren hitzetan oroitzapen zaharregiek ekarri ohi duten neke antzu bat ere nabari zitekeen.
Ez dut inoiz ahaztuko errefreskora gonbidatu ninduten eguna esan zuen. Banekien ez nuela joan behar, baina Teresa aldi batean ez nuela ikusiko jakiteak goganbehartzen ninduen. Bera ezagutu nuen baserrira bidean soinua bizkarretik jaitsi eta geraldi bat egin nuen parajeari begira. Eguzki geldoari neguaren hildura zerion eta isurtzen zuen argiak halako azken igurtzi bat ematen zien gauzei, hiltzera zihoazkien koloreak berpiztuz. Zeruko laino belaxken ardan koloreari, belazeen berdeari, garamenen okre gorriztei edo basoetako beilegiei begiratu nien eta bere ederrean paraje horrek hondamendia iragartzen zuela iruditu zitzaidan, bizitzak handik desertatu balu bezala. Eguratsean ere parte onekoa ez zen bake bat soma zitekeen, isiltasun itogarri bat. Urruneko hotsen oihartzun galduak bakarrik entzun zitezkeen, bizidunen mundua beste nonbait zegoen seinale. Txoriak ere arrapaladan zihoazen ihesi arnasleku hobeen bila eta Teresak ere laster aldegingo zuela gogoratu nuen.
»Baserriko atarian alanbretik zintzilik haizeak kulunkatzen zituen maindire eta arropa zuriei erreparatu nienean bihotzak zabu izu bat egin zidan. Gaixo nengoela erabaki nuen edo, gauza bera dena, maitemindurik segitzen nuela eta zauri sendatu gabeak urratzen dituenaren afanarekin gogoratu nituen etxe hartan igarotako egunak, anaiari soinua jotzen erakustera joan nintzenean Teresak atean egin zidan harrera, begiratzeko zuen modu geldi eta harriduraz betea eta barre egiteko era inuzente eta aldi berean gaiztoa, egiten zuen bakoitzean norbait kilimatzen ari zitzaiola iruditzen baitzitzaidan esan zuen eta atseden hartzeko isildu zelarik ohartu nintzen arnasa zein nahasia zuen. Gauzak gehiegi pentsatu dituenaren presarekin hitz egiten zuen edo beharbada sukarrak eragiten zion larritasun hori. Nik aldeginda ere hizketan segituko zuela pentsatu nuen.
»Ni baserrira iristerako gazte jendea mandioan dantzan ari zen segitu zuen, eta etxe osoak ere dantza egiten zuela ematen zuen, halakoxea baitzen haritzezko oholtza zaharrak egiten zuen dardarizoa. Teresa edariak banatzen zebilen atseden hartzeko geratzen ziren bikoteen artean. Lekurik zaratatsuenean ere adiskide bati besotik heldu, aparte bat egin eta galdera intimoak egiteko gaitasuna zuen. Diosalak, besarkadak eta irribarreak banatuz ikusi nuen luzaz, baina niri ez zidan begiratu ere egin. Haren anaia soinua jotzen ari zen mahaiaren gainera igo eta biok txandakatuz hasi ginen. Soinua jotzen ari nintzela konturatu nintzen ezin nuela azken urteetako pasadizorik gogoratu Teresarekin pentsatu gabe, Teresa izan nuela urte horietan zehar nire bizitzako arrazoi bakarra eta arrazoi hori orain beste batek lapurtu zidala, han mandio bazter batean jauzika dantzan ari zen gazte lirain eta adoretsu batek. Baina ez nuela burua makurtuko erabaki nuen, ez nuela amore emango eta batere axola ez balitzait bezala begiratuko niola Teresari, baldin eta hau, galleta bandeja bat esku batean eta txokolate kikarak bestean, jotzen ari ginen lekura hurbildu eta irribarrez zerbait nahi al genuen galdegiten bazigun. Bere irribarre horretan orain, zorionaz gainera, harrokeria eta berri-haizeak nabari zekizkiokeen. Dagoeneko Ezkurrak boxeoan aprobak egitea erabakia zuen eta Madrilera bizitzera joatea ere bai. Baina Teresa ez zen niregana hurbildu. Afalostean, mandioan ziren bonbila apurrak piztu eta gaua bertan igarotzeko asmotan ziren bikote bakanak berriro dantzan hasi zirenean bakarrik somatu nuen haren begirada. Ezkurrarekin ari zen dantzan eta zeuden lekuan argirik apenas bazegoen ere, haren begiradak nik interpretatzen ez nekien distira bat zuen, zoriona ea beldurra biak nahasian somatuko balitu bezala. Ni han lekuz kanpo nengoela erabaki nuen eta anaiari bere txanda utziz, isilka aldegin nuen esan zuen.
Oroitzapen eta sentimendu desberdinokin distraiturik iritsi omen zen Madrileraino. Lo eskasiak eta nekeak ematen duten urruntasun eta harridurarekin begiratu omen zituen treneko leihoaren kristal lurrundutik hiriko lehen argiak, eguna zabaldua zegoen arren eguzki geldoa berriro itzaliko zen beldurrez neguan berandu arte piztuta uzten diren farolak, espaloi ertzean zutik lehen autobusaren zain zeuden uniforme iluneko serenoak, hiltzaile itxurarekin odol markak mantalean eta behi erdi bana bizkarrean kamioi zurietatik ateratzen ziren harakinak, amaren eskutik eskolara zihoazen bufanda gorridun haur esnatu berriak edo hosto erorien kontaduria egiten ari ziren kalegarbitzaileak.
Zabu batzuen buruan trena geratu eta bere maletarekin jaitsi zenean, andenean zain zegoen jendeari erreparatu omen zion, beharbada Teresa han norbaiten zain egon zitekeela pentsatuz. Txaketaren lepoa jaso omen zuen badaezpada, han bertan andenean edo ondoren kalean zehar Teresarekin topo eginez gero ezagutu ez zezan. Abiatzera zihoazen trenetara herio bizian igotzen zirenei edo eroak bezala korrika geltokiko aterantza zihoazenei begira egon omen zen une batzuk. Trenen ziztu eta sirenak isildu eta andenean bakarrik geratu zenean ohartu omen zen egiten ari zen burugabeaz. Bueltako lehen trena hartu eta itzultzeko premia larria sentitu omen zuen. Haizeak zirimolak egiten zituen izotzaren hauts txuriarekin bere oinetan eta aspaldi ahaztua zuen hotz min batek sumintzen zizkion eskuak. Maleta hartu eta taxi baten bila abiatu zen eta, Teresa bizi zen kalera joateko agindu zionean, halako ezusteko bat sentitu omen zuen, agindua berak ez baizik ezezagun batek eman izan balu bezala.
Taxiaren leiho lurrundutik etxe ofizialetako balkoi siniestroak ikusi zituen, bandera espainolak zintzilik zituztela. Abenida batean zehar poliziaren jeep marroiak gurutzatu zituzten ilaran. Leihatilak alanbresiz babestuak zituzten. Sirena bat entzun zen nonbait. Metroaren irteerako eskailera metalikoek egunkariak irakurtzen ari ziren gizakiak jaurtikitzen zituzten espaloira.
Kalea bete taxi zegoen semaforo gorri batean. Seat 1.500 funebreak ziren ate banatan franja gorriarekin. Itsu batek zeharkatu zuen zebrabidea radar gisa bere bastoi zuria erabiliz.
Mila bider begiratua zuen Teresaren helbidea atera zuen jakaren barruko poltsikotik eta berriro ere begiratzen ari zen, taxizaleak iritsi zirela esan zionean. Bere maleta eskuan zuela begiratu bat bota zion etxeari eta leiho guztiak itxita zeudela ikusi zuen. Inguruko ostatu batean maleta utzi eta kaleko bar batean jezarri zen, kristaleratik etxea zaintzeko asmoarekin. Kamareroak arraro samar begiratu ziola konturatu zen bandejan kafesnea ekarri zionean. Oraindik bizarra kendu gabe zegoelako izan zitekeela pentsatu zuen. Lababoetara joan eta aurpegia txukuntzen saiatu zen, komentziturik baitzegoen Teresa gutxiena espero zuenean ager zitekeela. Kristaleratik kalera begira ohartu omen zen Teresarekiko zuen harremanean beti zain egotea tokatu zitzaiola, bazter batetik emakume horren zelatan egotea zela bere patua. Beharbada ausardia gehiagorekin jokatu beharko zuela pentsatu zuen. Beharbada etxera igo eta atea jo beharko zukeen larrosa sorta bat eskuetan edo miniozko paperean bildutako gladioloak erakutsiz. Teresari, atea zabaltzeko eskua luzatzean, bere bata zabalduko zitzaion bularrak eta sabela agerian utziz. Berak orduan irribarre zabal batekin eskertuko zion une bateko ikuspegi hori eta mundu erdia zeharkatu dut zu ikustearren, esan ziezaiokeen, Teresari musu bat emateko pauso bat aurreratuz. Orduan begiak itxi eta Teresari lepoan muin ematen zion bitartean, bere azal biluziaren usaina, gainean zeraman lurrinarena edo loreena baino atseginagoa zela esango zion, Teresa pitin bat aztoraturik lorontzi baten bila abiatzen zelarik.
Anis kopa bat eskatu zion kamareroari eta edariaren eraginaren zain geratu zen erabaki bat hartzeko. Lo urriak ematen zuen argitasunari esker edo atzerrian sentitzeak eman dezakeen ausardiarekin atera zen kalera. Oinez igo zituen laugarren solairurainoko harmailak eta damutu baino lehen tinbreari sakatu omen zion aldez aurretik pentsatuta zuen bezala, baina hain arin eta adore gutxirekin, ze ez baitzuen barruko inork ere entzungo. Duda-mudatan egon ondoren berriro bi aldiz sakatu zionean bakarrik entzun omen zen barrendik emakume baten ahotsa. Halakoxea izan omen zen orduan sentitu zuen ikara, ze gehiago pentsatu gabe eskaileretan behera abiatu baitzen korrika bere herioan. Solairu bat beherago geratu omen zen arnasestuka eta, barandillaren kontra lasaitu zenean, bere belaunen dardarizoa sentitzen omen zuen, bihotza kanpotik entzuteko moduan zabuka eta Teresaren ahotsa goitik galdezka. Horrelaxe egon omen zen une batzuk, lapur baten antzera ezkutuan, eta ixterakoan ateak ateratzen zuen hotsa somatu zuenean ohartu omen zen ate hura betiko itxi zela, bizitzan beste asko ixten zaizkigun eran.
Bere buruarekin haserre eta erreminduta jaitsi omen zituen harmailak eta kale hartatik ihesi metro baten sarreratik ezkutatu omen zen. Lurpeko tunel bakartietan barrena, atzetik oin hotsak entzunez, edo eskailera mekanikoetan behera bertigoa disimulatuz iritsi omen zen geltokira eta aliritzira hartu omen zuen etorri zen lehen metroa, berriro, geltoki batzuk aurrerago, aliritzira kalera irteteko.
Jendeak itsumustuan segitzen zuen hiriaren laberintoari segituz, parke batera iritsi omen zen eta han eguerdiko eguzki epelak,berotzen zuen aulki batean eseri zen. Gezurra bazirudien ere, oraindik izotzak zuritutako hostoak ikus zitezkeen bazterretan eta erabat urtu gabe segitzen zuen estankeko ura estaltzen zuen jelak. Hala ere, txorien txorrotxioak entzun zitezkeen eta kale-usoak hurbildu zitzaizkion jan eske, beren buru tenteak mugimendu mekanikoekin mugituz. Han, zuhaitz biluzien adarren artetik hiriko etxeorratzen silueta harroak urrunean ikusten ziren leku hartan bakarrik sentitu omen zen lasai eta bakean eta lehenbailehen etxera itzultzea erabaki omen zuen. Zaldi gainean zihoan udaltzain batek zeharka begiratu zion pasaeran. Eskolatik etxera zihoazen mutiko batzuk futbolean ari ziren zelai batean. Inguruko aulkietan egunkaria irakurtzen ari ziren gizonezko banaka batzuk. Bikote maiteminduak ikus zitezkeen elkarri begira biz-bitan paseatuz. Atso bat igaro zen zuhaitz enbor guztietan usnatzen zuen zakur ñimiño bati segika. Alabaina, inork ez zuen ezagutzen eta horrek ematen duen lasaitasunarekin lokartu omen zen eguzki epelari begira eta esnatu zenean eguzkia zuhaitz biluzien adarren artetik ageri ziren etxeorratzetan zulatzeko zorian omen zegoen. Hotzikara bat sentitu omen zuen eta txaketaren lepoa gora altxatu eta berriro hirirantz abiatzeko prestatzen ari omen zen, estankearen beste aldetik emakume bat pasatzen ikusi zuenean. Bihotzak izugarrizko jauzi bat egin omen zion eta esertzea erabaki zuen. Irudi hari atzetik erreparatu zion behin eta berriro eta derrigor Teresarena izan behar zuela erabaki zuen. Altxatu eta atzetik abiatzeko imintzio bat egin zuen, gutxienez duda behingoz uxatu nahiz, baina ideia hori zuzena ote zen edo ez erabakitzen ari zen bitartean desagertu omen zen emakumea zuhamuska batzuen atzetik. Bere burua lasaitu nahirik edo guztia irudipen bat izan zitekeela pentsatuz abiatu zen hirirantz. Metroan sartu eta Teresak lan egiten zuen kabaretera joateko oraindik bi ordu faltako zirela kalkulatu zuen etsipenez, baina ostatuko gela hits hartara itzultzea baino hobeko zuela eta helbidearen atzealdean apuntatuta zeraman metroa hartu zuen.
Atera zenean, oraindik eguzkiaren azken printzak nabari zitezkeen etxeen azken pisuetako kristaletan, baina kaleko zokomoko eta itzalguneetan gaua sartzen hasia zela ikus zitekeen. Neoizko lehen errotuloak pizturik zeuden atari eta eskaparateetan eta iragarki luminosoak keinuka ari ziren fatxada eta kale izkinetan. Bakardadea inoiz baino gordinagoa dela pentsatu zuen Elgetak hiri bat lokartu eta bigarren bat esnatzen hasten den une horretan. Alabaina, ezin zien begirik kendu suzko zirimolak osatuz piztu eta itzali etengabe ari ziren koloretako txinparta haiei, gauaren itsaso beltzean agertuz eta desagertuz zebiltzan lamia lizunei, etxeetako hormetan marrazten ziren lore elektrikoei. Mirari bat iruditu zitzaion argiaren eta gauaren arteko kaos horretan bizi diren izakiak oraindik ere bere senean eta tentuan segitzea. Ezinezkoa iruditu zitzaion Teresak oraindik ere bere herriaz edo garai bateko adiskideez aztarnarik gordetzea. Mila koloretako mosaiko horretan barrena abiatu zen, pitin bat zorabiaturik, edertasun horrek guztiak zer ezkuta zezakeen jakin nahiz. Espaloietan barrena emakume banaka batzuk soma zitezkeen dagoeneko, tximeletak argien bueltan bezala, noraezean galdurik, kale izkina bat edo farolaren bat zainduz. Gizon bakarti galduak ere ikus zitzakeen, ilunpeetako mezulariak bailiran, argitara ezin ohiturik, behin eta berriz leku berean itzuliak eginez. Kartzela bateko patioan etengabe bueltak egitera kondenatutako jendea zirudien. Pitin bat harriturik, kale horretan Teresarekin topo egiteak ez liokeela beldurrik emango pentsatu zuen. Are gehiago, damuak eta penak garbitzen zizkion Teresarekiko sentiberatasun bat somatu zuen barruan eta inon bi izaki galduk elkar topo egitekotan horrelako leku batean egin beharko luketela iruditu zitzaion. Beharbada zeruan ikusten zituen girnalda horiek guztiak, ortzadarra mila zatitan hautsi eta gaua kolorez jazten zuen kaleidoskopio hura dena, mirari hotz eta argitsu hori gisako topaketa baten eszenatoki izan zitekeela imajinatu zuen. Une horretan burdinazko zubi baten gainetik metroa pasatu zen han inguruan, txatar hots ikaragarri bat eginez.
Bere txaketaren barruko poltsikotik berriro papera atera eta dagoeneko buruz zekien kabaretaren helbidea irakurri zuen. Orduan beste helbide guztiak, soinujole bezala ezagutzen zituen ostatuak edo irakasle gisa bisitatzen zituen baserriak, arrotz eta urrunak iruditu zitzaizkion eta paperean idatzirik zeraman kale eta zenbaki hura, aldiz, erabat etxeko. Argiz enmarkatutako ate bat zaintzen zegoen gizon uniformatu bati galdegin zion eta honek, erreberentzia keinu bat eginez, zeharbide bat seinalatu zion, argi bakan batzuk baizik ez zituen kale estu eta abandonatu bat. Zabor zapalduek alfonbra bigun bat osatzen zuten espaloia estaliz. Fatxada erdi erorien silueta beltzak ikus zitezkeen ezker-eskuin. Atari gehienak ohol gurutzatuz itxiak zeuden eta leiho hutsen bueltan suaren lamada markak ikus zitezkeen. Utzikeriaren kiratsak atzendu zuen hasieran, baina oreka doi batek zutik mantentzen zituen giza errautsak somatu zituen ilunpetan buru-makur berak zeraman bidean edo kontrakoan. Beren aurpegiak apropos desitxuratu zituztela ematen zuen, horrela arriskurik gabe gaiztakeriaren bat egin ahal izateko. Giza irudiok erakusten zuten etsipen eta abaildura beretsuarekin zakur triste bat igaro zitzaion ondotik jaramonik egiteke. Horrek lasaitu egin zuen. Baserri bakoitzean arrotz sentiarazten zuten zakur zaunkalariak gogoratu zituen eta bera bezalako gizakiak miseriaren infernu horretan beharbada libreago bizi zitezkeela pentsatu zuen, gizarte antolatu batean baino.Teresarekin gogoratu zen eta harekin mintzatzeko desio bortitz batek azkartu zion pausoa. Zakur deslaiaren atzetik korritu zuen kalea eta boulevard argitsu batera atera zelarik, aurrez aurre irakurri zuen kabaretaren izena.
Ate akoltxatu bat zabaldu eta argi bioleta geldoen argi-itzalean emakume batzuen argazkiak somatu zituen sarrerako horma tapizatuetan zintzilik. Beren orrazkera zurrun, betile postizo eta enkaje transparenteei erreparatu zien eta ez zuen haien artean Teresaren aurpegirik ezagutu. Guztia esames bat, gaizkiulertu bat izan zitekeela pentsatzen hasia zegoenean kolpe bat eman zion bihotzak, ideia buruan piztu baino lehen. Beste argazkien gainetik, aparte antzean, biluzteko keinua egiten zuen emakume baten irudia ageri zen. Guante luzeak kenduak zituen esku batean eta bestearekin dagoeneko erortzera zihoakion sedazko gona beltzari eusten zion sabelaren parean, leku horretan aurpegia atzerantz jiratzerainoko kolpe bat edo plazer eztanda bat sentitu izan balu bezala. Sarrerako bestibulo horretara kabaret barruko musikaren nota urrunak iristen ziren, baina Elgetak bere bihotzaren taupadak bakarrik entzuten zituen.
Numero fuertea laster hasiko da esan omen zion atzetik uniformedun gizon zaharkitu batek. Beharbada lehen aldia da hona zatozena. Ni zure lekuan sartu egingo nintzateke, biluzi ikusgarri bat ematen dute. Asko behin eta berriz etortzen dira emakume hori ikustera. Neska euskaldun bat da.
Sarrera erosi eta ispiluz eta zintzilikarioz apaindutako pasillo tapizatuetan barrena gidatu omen zuen herren nabaria egiten zuen gizon zarpail horrek eta ate bat zabalduz barrura sartu zuenean, itsu-mutil baten trebeziarekin eraman zuen ilunpetan mahai libre batean esertzera. Eszenatoki gainean kantuan ari zen emakume lodi baten irudia ikusi zuen Elgetak lehenik, mahaietan piztuta zeuden lanpara txiki eta geldoak ondoren eta edateko zer nahi zuen galdegiten zion zerbitzariaren txaketa zuria azkenik. Gomendatu zizkion edari arrotzetatik lehena eskatu zuen eta jarabe sendo eta bizigarri hori urdailean behera sentitu zuenean ohartu zen bi egun zeramatzala mokadurik probatu gabe. Baraurik edandako lehen alkohol tragoek ez zioten onik egin. Kolpetik neke zahar baten abaildura sentitu zuen gorputz osoan eta, leiho bila dabilen txori izua bezala, bihotza talkaka bularrean. Inoiz Teresari begira desioak itolarri hori bera eragiten ziola gogoratu omen zuen. Baina orain ez zuen desiorik sentitzen, beldurra baizik. Une horretan somatu omen zuen ez zuela gau horretan Teresarekin hitz egingo, begira zeuden gainerantzeko ikusleek bezalaxe pare bat kopa edango zituela Teresa eszenatokiaren gainean biluzten ari zen bitartean eta ondoren, emakume horrekin zerikusirik ez balu bezala, alde egingo zuela buru-makur, frustrazioak edo damuak uzten duten barru txarrarekin.
Boleroa kantatzen ari zen emakumeak bere lana bukatu eta barkazioa eskatuz bezala burua behin eta berriz makurtu zuenean, ez zuen inork txalorik jo, bere inguruko mahaietan zeuden gizonezkoek eskuak okupatuegiak zituztelako beharbada. Dagoeneko emakume eskotedunak eta gizon trajedunak ikus zitzakeen, errainuak bezala elkarri atxikiak, arropen artean zerbait galdu eta bila balebiltza bezala elkar ukituz. Tarteka algara itoak entzun zitezkeen eta murmurio sorgor amaigabe bat ere bai. Kantariak aldegin eta eszenatokiko fokoarekin batean mahaietako argi geldoak itzali zirenean, ordea, denak isildu ziren. Bat-bateko ilunpea eta isiltasuna hautsiz piano baten notak entzun ziren eta argi printza urdin batek zeharkatu zuen lekua eszenatoki gainean bizkar biluzia erakutsiz zegoen emakumeari argi eginez. Honek, pianoaren nota bakanek aginduta edo, burua itzuli zuen argitarantz. Aurpegi hori ikusi zuenean, bost urte lehenago bukatu gabe utzitako imintzio bat egin zuela iruditu omen zitzaion Elgetari. Argi urdinaren aureola borobilean preso, kanta lizun baten letrak ahoskatuz, pauso ikasiekin hasi zen mugitzen eta edertasunak emakume hori, kristalezko kutxa batek bezala, denboraren imurtxietatik gorde eta babestu egiten zuela pentsatu omen zuen edo, areago oraindik, denborak berak ederragotu egin zuela. Denboratik kanpo, errealitatetik urrun ikusten zuen Elgetak, argi urdinaren errainuak airean balerama bezala, itzal zuri iheskor bat batzuetan eta lizun, heze, haragikoi besteetan. Une batean guztia irudipen hutsa izan zitekeela pentsatu zuen, Teresa berak asmatu zuela azken hamar urte horietan, asmatzen segitzen zuela eta asmatzen segituko zuela, baldin eta numeroa bukatzean mahai horretatik altxatu eta bere kamerinora hurbiltzen ez bazitzaion, baldin eta behingoz bere eskuekin ukitzen ez bazuen.
Berriro Teresaren sorbalda biluzia ikusi zuen eszenatokian, baina orain kaderak mugitzen zituen imintzio nagi, bero eta lotsagabeekin, eta, zapata takoidun altuen gainean ikusleengana jiratu zenean, berari begiratzen ziola iruditu omen zitzaion, bakardadearen kontrako konjuro baten gisa, ahopeka, hats edo ahots eztiz maitasun leloren bat errepikatzen zuen bitartean. Elgetak zeloen eztenkada sentitu omen zuen saihetsean edo desioaren ausikia sabelean. Kopa hondarra hustu eta zigarroari lehen atxikia eman ondoren begira jarri zenean ohartu omen zen, nagiki gorputza mugituz, eskuarekin bere sabelaldea ferekatuz, gutizia ezkutuen menpe eszenatokian zekusan emakume hori beti horrela maiteko zuela, gauza ezinezko eta urrunak maitatzen diren eran. Ideia horrek, edo beharbada baraurik edan berria zuen kopak, halako bihotzaldi bat eman omen zion eta Teresa berea izan zen lauzpabost gau urrun haietan ere, orain eszena gainean bezalaxe, argi zenital eta urdinska horrekin bildua ikusi zuela gogoratu omen zuen, astro urrunek duten argi hotz eta eder berarekin alegia. Gisa horretako maitasun handi eta inposibleek ez dutela balio, pentsatu omen zuen, teilatu baten azpian, egunerokotasuna konpartituz bizitzeko. Une horretan inguruan zituen bikoteekiko nazka eta destaina pitin bat sentitu omen zuen, besteren zorionak, maitasun historia arruntek eta bulgaridade orok urdailean oka egiteko gogoa piztuko baliote bezala, eta Teresarekin elkartzeko egin zitzakeen ahalegin guztiak alferrikakoak izango zirela erabaki zuen. Eszenatokiaren itzalean bateria baten hotsak hartu zuen pianoaren lekua eta bihotz sendo baten taupadak bezala hasi ziren Teresaren gorputza astintzen, hain zinez non perkusioaren erauntsiak emakumea menderatu egingo zuela ematen baitzuen. Lurrera eraitsi eta belaunikaturik ere segitu zuen borroka horrek eta gero, perkusioaren kolpeak baretzen hasi zirenean, zutitu egin zen berriro, arnasestuka baina harro, eta bere oinetan ilunpean abere gosetiak balitu bezala bere eskuetako guante luzeak kendu eta bota egin zizkion publikoari. Erauntsi ondoko trumoi hots bakanen antzera entzun ziren ostera perkusioaren kolpeak eta esku ezkuturen bat gainean balu bezala askatu zitzaizkion bularrak estaltzen zizkion gonaren tiranteak. Zilar distirak zituen gona arinari gerrialdean bi eskuekin eutsiz itzuli bat egin zuen eszenatoki gainetik eta begirada apartatu egin behar izan zuen Elgetak, halakoxe zirrara egin baitzion irudi horrek. Eszenatokiaren erdian geratu zen eta, bateriaren azken kolpe lehor batzuen ondoren isiltasuna nagusitu zenean, usapal gris eta umil bat bezala jaitsi zitzaion soinekoa lurrera, tximistaren argitara gauzak ikusten diren gisan, Teresa biluzik, zurbil eta eder, fokoaren pean istant batez agertzeko.
Mahaietako argitxoak piztu eta ikusleek txaloak jotzeko begiak zabaldu zituztenean, ez omen zegoen inor eszenatoki gainean. Barrenean zintzilik ziren gortina astunetan balantza doi bat soma zitekeen, Teresa handik ezkutatua zen seinale.
Elgeta mahaitik altxatu eta eszenatoki ondoan zegoen ate batetik barrena sartu zen edari kajaz betetako pasillo iluna zeharkatuz, argi gorria pizturik zuen kamerinoko atera iristeko eta han atea jotzeko eskua altxatu zuenean ohartu omen zen dar-dar egiten ziola. Duda-muda baten buruan jo zuen atea, baina barrenetik ez zion inork erantzun eta tentu handiz, zaratarik gabe, atearen zirriztua irekiz burua sartu zuenean, boleroa kantatu zuen emakume gizenaren sorbalda biluziarekin egin zuen topo. Ezpainak pintatzen ari zen ispiluaren aurrean eta irribarre zabal, gorri eta lizun bat eskaini zion Elgetari. Hau desenkusa hitz batzuen bila saiatu omen zen baina ez zituen aurkitu. Ispiluak biderkatzen zizkion haragi zuri, epel, mardulei begira geratu omen zen ahozabalik une batez eta Teresaz galdegin ziolarik, izen hori guztiz ezezagun egiten zitzaion imintzioa egin omen zuen. Beharbada une batzuk lehenago eszenatokiaren gainean ikusi zuen emakumea bere irudimenaren asmazio bat izango zela pentsatu zuen, edota Teresa dagoeneko beste gizon baten besoetan egon zitekeela. Zeloek erresuminduta, lotsak eta damuak barrena irabiatzen ziotela atera omen zen kalera eta korritu dagoeneko hutsik agertzen ziren espaloiak.
Beti horrela zen, eskura zenuela uste zenuenean urruntzen zen izaki bat esan zuen, angustia ezkutu batek eztarria itxi balio bezala ahotsa erabat mehartuz.
Eguzkiak dagoeneko min egiteraino argitzen zituen gelako horma zuriak. Elgetari begiratu nion eta haren aurpegian biografa bat irakur zitekeela pentsatu nuen. Egun bi lehenago Sor Mariak atea zabaldu eta ikusi nuen gisa berean zegoen berriro, begirada sabaian iltzaturik, ahopeka zerbait esaka edo kantuan ari balitz bezala. Baina orain ez zen kantuan ari. Geroxeago esplikatu zidanez, Madrildik etxera bidean trenean zetorrela, negar malko epel batzuk sentitu omen zituen masailetan behera. Ustekabeko flakia horrek izutu egin omen zuen eta begiak zabalik zituela saiatu omen zen negarra kontrolatzen. Musuzapia atera, zintz egin eta erorialdia gainditua zuela uste zuenean hasi omen zen benetan negarrez. Ahotik arnasa hartuz egin zuen aldi luze bat, begietatik malkoak ixuriz lasaitu zen arte.
Sabaian iltzaturik zituen begiak hezetzen ikusi nizkion nik ere lehenbizi eta negar malko epelak erreparatu nizkion ondoren masailetan behera. Hala ere, orain ez zirudien sufritzen zuenik. Teresa bera, ohe barrenean zegoen soinu txikia edo ni neu oso urrun ikusten gintuela iruditu zitzaidan. Bakarrik, babesik gabe, baina bere hondamendiaz harro sentitzen zela pentsatu nuen eta bizitzarekiko desatxekipen horrek izutu egin ninduen. Egunen batean neuk ere etsipen hori ezagutuko nuela pentsatzeak larritu egin ninduen.
Bere ezkerreko eskuari erreparatu nion eta oharkabean tapakien kontra pieza bat jotzen ari zela ematen zuen, ahopeka kanta bat edo otoitz isil bat murmuriatuz, harik eta nekearen nekez loak hartu zuen arte.
Niri ere kuluxka batek on egingo zidala erabaki nuen. Lorik egin gabe zenbat ordu neramatzan kalkulatzen saiatu nintzen, baina ez nuen ondorio garbirik atera, nekatuegia bainengoen horretarako... nire gorputz abaildua ohe gogorrera egokitzen ari nintzenean, entzun nuen Sor Mariaren ahotsa.
Kuriosoa da, hamar urte bakarrik pasatu dira eta ez nau ezagutzen esan zuen albotik.
Begiak itxi et ezentzunarena egitea pentsatu nuen. Nekatuegi nengoen historia berri bati kasu egiteko.
Ni ere dantzari on bat nintzen gaztetan. Beti pentsatu izan dut gizaki bakoitzaren bihotzean lurretik desatxiki eta airean altxatzeko, hegan egiteko desio bat dagoela. Eta dantza ez dela gogo honen adierazpen bat baizik segitu zuen eta pausa labur bat egin zuen, Elgetaren oheko tapakiak txukuntzen zituen bitartean.
Une horretan, egia esan, bere teoriak ez zitzaizkidala batere axola erabaki nuen. Nekea pisu astun bat bezala sentitzen nuen gorputzean. Ezerk ez zidan lurretik desatxikitzera bultza egiten. Alderantziz, begiak ixtea nahikoa nuen amildegi batean behera, loaren osin beltzera eroriko nintzela sentitzeko. Osin beltzaren ideia horrek sortu zidan beharbada ikara puntu bat eta itzarririk segitu nuen.
Gorantzako joera horiek sentitzen dituen gizakiak ezin du etsi. Behin eta berriz hegaldatzen saiatzen da, beste leku baten nostalgiarekin bizi da, eta leku hori goian dagoela uste du. Horrelakoa zen Elgeta eta horrelakoa nintzen ni ere elkar ezagutu genuenean. Lurtarrok lurrari lotzen gintuen madarikazio hori maitasunaren bidez zapuztuko genuela uste izan genuen eta neurri batean lortu ere lortu genuela esango nuke segitu zuen.
Begiak erdizka zabaldu eta erreparatu nion. Eskuetan maindire eta toaja zuriak zituela zebilen gelan batetik bestera, hain arin eta airosa ze beharbada emakume horrek pisuaren morrontza erdizka bederen gainditua izan zezakeela iruditu baitzitzaidan, lurra ukituko ez balu bezala baitzebilen.
Gaztetxoa nintzelarik, nire inguruan bizi ziren gizonezkoen eskuei erreparatzen egon ohi nintzen. Lurretik ateratako zainori zarbak ziruditen eta izua sentitu ohi nuen egunen batean esku horien antzekoek nire gorputza laztanduko zutela pentsatze hutsarekin. Nik sasoi horretan laino bat izatea nuen amets, munduko lohiaren gainetik ihesi doan izaki zuri eta etereo bat, luma bat bezain bigun eta harrapaezin. Orduan ezagutu nuen Elgeta. Auzoko festetan ikusi nuen soinua jotzen eta orduak pasatu nituen teklatua hain emeki laztantzen zuten esku haiei begira. Esku haiek ni bakarrik laztanduko nindutela erabaki nuen. Elgetak jotzen zuen inguruko erromeria guztietara joaten hasi nintzen eta guztietan bere ondoan zutik jarri eta orduak egiten nituen erotzeko tamainan mugitzen zituen behatz haiei begira. Tarteka begiak itxi eta nire gorputza prezisio eta abiadura berarekin uki zezakeela pentsatze hutsarekin ahuldade ikaragarri bat sentitzen nuen zangoetan. Bera azkar ohartu zen nire presentziaz eta egun batean, erromeriako lanak bukatu zituenean, soinua bizkarrean hartu eta niregana etorri zen zuzenean. Ez dakit zer galdetu zidan, ez dakit ezer galdetu zidanik ere, bera bertaratu baino lehen itzuli eta ihes egin bainuen. Ni ume bat nintzen artean, neskato heldugabe bat eta bera gizon edadetu bat zela iruditzen zitzaidan. Etxera bidean sasi batekin urratu nituen zangoak, odolak gutxienik amaren aurrean ere negar egiten segitzeko aitzakia eman ziezadan. Biharamunean, ordea, nire atsekaberik handiena, adinaren diferentzia, nire alde erabil nezakeela somatzen hasi nintzen. Dagoeneko Elgetak jotzen zituen pieza gehienak buruz nekizkien eta dantzan ikasten hasi nintzen, eguneroko betebeharrek uzten zizkidaten txolarte eta atsedenaldietan. Lanean ari nintzelarik ere, etxetik sorora edo sorotik etxera bidean, fandangoaren edo arin-arinaren pausoak markatuz somatzen nituen neure oinak. Normal ibiltzen ahaztuko ote zitzaidan pentsatzera iritsi nintzen eta nolabait, dantzari esker, desberdin ibiltzen bakarrik ez, desberdina izaten ikasi nuen. Dantzak aldatu ninduen edo, nahiago bada, emakume egin ninduen. Handik hilabete batzuetara Elgetak jotzen zuen erromeria batera agertu nintzelarik, lehen piezatik ohartu nintzen horretaz. Beste era batera begiratzen zidan. Nik berarentzat bakarrik egiten nuen dantzan eta nik neure aldetik banekien berak niretzat bakarrik jotzen zuela esan zuen.
Historiak ez zuen beste munduko interesik niretzat, baina dagoeneko esnatzen hasia nengoen. Arraroa egiten zitzaidan Elgetari zegozkion zertzelada intimo haiek hura nire ondoan lo zegoela entzun beharra. Baina ez nuen beste erremediorik.
Gogoratzen naiz nola gau hartan bertan Elgetak bere besoetan altxatu ninduen. Lurrean oina galdu eta airean norabait ninderaman sentipena izan nuen. Txikitandik amesten nuen bezala, azkenik laino bihurtu nintzela uste izan nuen eta hegan segitu nuen, habiatik lehen aldiz ateratzen den txoria bezala, bere baitan gorderik dituen dohainekin harriturik, baina aldi berean fidakaitz, ez bainuen uste zorionak luzaz iraun zezakeenik esan zuen eta pausaldi luze bat egin zuen.
Begiak ireki eta begiratu nionean, gelaren erdian zegoen geldirik. Elgetari begira. Malko batzuen distira soma niezaiokeen aurpegian. Pisurik ez dutenen adurrak kolpetik abandonatu egin zuela ematen zuen. Gizakiok lurrera lotzen gaituen madarikazio astunetik inor ez dela libratzen pentsatu nuen, zoriona desirakunde bat dela gehiago errealitatea baino eta gure hegaldiak ez direla entsegu baldres eta erridikulu batzuk baizik, airean une batzuk egin eta berriro lurrarekin tupust egiteko.
Zoriontsu izan ginen berriro Teresa agertu zen arte. Maleta bat eskuan zuela Elgeta trenera bidean ikusi zutela esan zidatenean jakin nuen gure artekoa bukatu zela eta neurri handi batean ezkontezinak ginela. Nik argia eta zoriona maite nituen. Elgetak, nolabait, gaua eta ezbeharra behar ditu bizitzeko, gerora ikusi dudan bezala, zorionak oka egiteko gogoa ematen baitio. Eta, hala ere, maite dut esan zuen eta ohera hurbildu zitzaion Elgetari.
Esku bat luzatu eta aurpegia laztantzen ikusi nuen. Ahopeka balakuak murmuriatzen zizkion. Nik begiak itxi nituen eta oraingoan loaren aho beltzak ez zidala beldurrik ematen somatu nuen. |
© Joxean Agirre