|
15
Biharamunean eman zidaten alta eta nire gauzak bildu ondoren agur esateko asmoz Elgetari ohera hurbildu nintzaionean, lotsaren itzal bat somatu nuen lehen aldiz haren begiradan.
Uste dut atzo gehiegi hitz egin nuela esan zuen eta nire eskuak atxiki zituen eskerrak mariez.
Isil zedila eskatu nion, Teresaz kontatu zidan guztia interesatzen zitzaidala eta egunen batean emakume hori ezagutzea espero nuela.
Norbaiten konfidantzaz abusatu dugunean, ordea, denboraldi bat hitz egin gabe egitea komeni izaten da berriro elkarrengana bildu aurretik eta ez nion ondoren Elgetari luzaz deitu eta ostatura bisita egitera joan nintzaionean, aldegina zegoen. Nagusiak ez zidan arrasto garbirik eman. Gauetan Parte Zaharreko tabernaren batean soinua jotzen ote zuen aipatu zidan.
Elgetari argazkirik egin gabe geratu nintzen, beraz, eta nik etengabeko hitz-jarioan ari zen gizon bat ezagutu banuen ere, gordetzen dudan irudia guztiz bestelakoa da, begiak itxi eta burua jiratuz ezkerreko belarria teklatuaren kontra jarrita bere piezaren bat jotzen ari zen soinujole batena alegia. Noizean behin burua altxatu eta bere onera, mundu honetara itzuliz, dantzan ari ziren neskatxen zangoei begiratzen zien edota bueltak ematean gonaren bueloak erakusten zituen izterretara, eta berriro begiak itxiz bere baitara itzultzean, presarik gabe gorputz hori biluztera dedikatzen zela pentsatzen dut. Orduan ezusteko zorion bat ernaltzen zitzaion ezpainetara. Begira zeudenek, noski, ez zekiten bat-bateko bozkario horren berririk eta komentario ezjakinak egiten zituzten, baina nik badakit gau beranduan, nekeak eta desioak horretara bultzaturik, mendi bazterretako ezkutatokietan orografia femeninoak dituen mendi eta muinoen tarteak neurtzera dedikatuko zela, orain soinu txikiaren teklatua laztantzen zuen abilezia berarekin eta ezpainetara somatzen zitzaion bozkarioa ez zela geroko atseginaren aurrikuspena baizik.
Nik neuk ere ez dakit hori guztia argazki batean nola ager daitekeen. Urteak egin ditut biografia bat aurpegian irakur daitekeela pentsatuz. Denborarekin, ordea, beste bide batzuk urratu beharrean aurkitu naiz. Egia da aurpegia inoiz errepikatzen ez den fabrikazio zenbakia bezala dela, baina ez du horrek gure nortasunaz, gure nitasunaz, gehiagorik adierazten. Komentziturik nago jestoa dela gure adierazpenik indibidualena edo, zehatzago esateko, jestoak egiten gaituela nor.
Emakume baten aurpegia gusta dakiguke, lilura gaitzake, baina jestoak bakarrik inarrosiko digu barrena. Jestoa disekatu, mugimendua gerarazi eta paperean ezartzea, hori da argazkilariok dugun desafioa. Eta, horretan ari naiz aspaldi honetan dantzarisei eskaini dizkiedan argazkiekin.
Espantu pixka batekin imajinatzen ditut batzuetan hitzik eta jestorik gabeko gizarteak, non emakumeak itzal geldi eta mutuak diren baserrietako sukalde bazterrean eta gizonezkoak hitz bakun eta laburrekin mintzatzen diren. Gazteek kolpeka adierazten dituzte beren bozkarioak eta elkarri agur egiteko bostekoa luzatu beharrean, barrabiletatik heldu eta astinduak ematen ere ikusi ditut.
Norbere nortasuna gauza bitxiegia da gizarte horietan. Urtean behin joaten dira buru-makur apaizaren aurrera eta belaunikaturik beren bizitzari buruzko zerbait esan beharrean aurkitzen direnean, estutu egiten dira. Trantze gaizto horretatik ateratzeko dotrinan ikasitako formulak erabiltzen dituzte. Lanegun batean pasieran ibiltzea bekatu zen, bigarren aldiz enamoratzea tragedia bat eta izerdirik gabeko lana gaizki ikusia zegoen. Elgeta bezalakoek ez zuten lekurik gizarte horretan. |
© Joxean Agirre