16

 

        Tabernan zerraldoaren zain gauden bitartean Elgetaren argazki zatiak eskaintzen dizkidate. Adiskide batek kontatzen didanez, hitz gutxikoa zen baina hitz egiten zekiena; ez etorri handikoa, baina hiztun txukuna; ez omen zen zenbait bezain lagunartekoa, baina ezta ere itzal-gaizka ibiltzen diren horietakoa.

        Beste batzuek uzkur samarra zela zioten eta zerbait gordean ote zeraman pentsatzen zuten, ezbeharren bat akaso edo bizitzako pasadizo ilunen bat. Norbaitek bere jatorria aipatu zuen, Billabonako hospiziotik eraman baitzuten Intxuzabal baserrira.

        Ziotenez, tarteka, edanarekin pitin bat deskuidatzen zenean edo neskalaguntza egin eta gero tabernako giroan laineza ematen ziotelako beharbada, mahai gainera igo eta mitinak egiten omen zituen. Bi eskuak gora altxatu eta beti gauza beretsuak esaten omen zituen, baina hala ere, entzuten zeudenak, lekuko giza errautsak, ez ziren kapaz izaten entzundakoa gogoan hartzeko, ez bada esaldi solteren bat, emakumeei buruzko aipuren bat edo bukaera gisa bota ohi zuen arrazoi hura, alegia, egunen batean eulirik eta apaizik gabeko mundu batean biziko ginela.

        Teresa ere aipatu zuen beste batek, Elgetak inoiz irentsi ez zuen gaztetako maitasun zapuztu bat.

        Elgetaren azkenaren berri ere eman zidaten. Amara Zaharreko erruki-etxean egin omen zituen azken urteak eta, aitortzarik egin gabe hil zelarik, lurra ukatu egin zioten etxe horretako hilerrian. Haren ikasleak egin ziren gorputzaren kargu eta zerraldoa bizkarrean zutela hiru edo lau herri zeharkatu omen zituzten bi egunetan. Ziotenez, ordurako hitz eginda zeuden herriko apaizarekin, elizatik pasatu gabe zuzenean hilerrira joan eta han isilka bederen bazter batean leku egiteko.

        Nire zerbezari tragoa jo eta familiarik, etxerik eta ondasunik gabe bizi ondoren, ehorzteko ere lurrik izan ez zuen gizon horrengan pentsatu nuen nostalgiaz eta mirespenez.

        Gizon gehienok hiltzean biharamunean euriak desegingo dituen oinazki batzuk uzten ditugu iragan dugun bidean eta denborak berehala borratuko dituen aztarnak ingurukoen memorian. Elgeta bezalako gizaki bakartiek apenas aztarnarik uzten duten, baina hazia ereinda lagatzen dute ikasleen bihotzetan.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia