17

 

        Urgull mendiaren kontra Parte Zaharrak dituen kale bazter ilun eta heze horietako batetik pasatzean ikusi nuen eszena batek gogoratu zidan Elgeta orain dela hilabete batzuk. Kristal hots ikaragarri bat entzun eta itzuli nuen burua. Begira geratu ziren pasadizoko beste lagun batzuengana hurbildu nintzen eta gizonezko bat ikusi genuen zerraldo etzanik lurrean eta emakume bat tiraka hura altxatu nahian. Hormaren kontra edari kajak zeuden pilaturik, baina botila hautsiak ikus zitezkeen galtzada gainean eta kaja huts bat edo beste ere bai lurrean.

        Ahalegin ikusgarrien buruan gizona zutik jartzeko zorian zeukanean egin zuen laprast emakumeak eta biak zilipurdika erori ziren kristal hautsien gainera. Luzaz egon ziren mugitu gabe, edo luze iritzi nion nik bederen. Komentario axolakaberen bat egin zuen norbaitek. Larriki zauritu ote ziren pentsatzen hasia nengoela, emakumea berriro mugitzen hasi zen. Poliki-poliki altxatu, lurretik berokia jaso eta bizkarretik zintzilikatu zuen; gero gizonari galtzarbetatik besoak pasatu eta hormaraino eraman zuen arrastaka. Han erdizka bederen zutitzea lortu zuelarik, gerritik heldu eta abiatu ziren biak norabide jakinik gabeko ibilian.

        Dozena bat metro egingo zituen gizonak horrela, emakumearen anparoan, tarteka zabuak eginez, eroriko ez eroriko, balantza bakoitzean emakumea ahalegin berriak egitera behartuz, kolpetik kale erdian zutik geratu zen arte. Mirariaz harriturik edo emakumea ere apartatu egin zen metro erdi bat. Gizonak itzuli bat egin zuen buruarekin emakumearen bila eta aurkitu zuenean, harriduraz eta gorrotoz begiratu zion, ordu erdi bat lehenago nonbait galdu eta haren bila ibili balitz bezala. Bi eskuak airean mugituz, amenazu keinuak egin zizkion lehenbizi eta oihuka hasi zitzaion ondoren. Emakumeak arreta handiz begiratzen zion edo begirune handiz, inolako haserrerik gabe, esaten zizkionak beste norbaiti zuzenduak balira bezala. Gizonak bere bi eskuak altxatu zituen berriro eta jesto horrek oreka galarazi balio bezala, emakumearen gainera oldartu zen. Elkarri lotuta ikusi nituen kale bazterreko itzalgunean, borrokan ari diren bi itzalek bat egiten duten moduan, baina gizonaren ukabila ikus zitekeen airean gora altxatu eta emakumearen aurpegia kolpatzen. Gizonaren birao eta kolpeak amaitu zirenean, emakumearen negar-zotin batzuk entzun ziren une batez eta segidan biak besarkaturik agertu ziren itzalgunetik argitara, saminak adiskidetu balitu bezala.

        Ordurako pasadizoko ikusleak ikuskizunaz aspertu eta aldeginak ziren. Bakarrik nengoen eta ez ziren nire presentziaz ohartu. Emakumeak galtzarbean zeraman zapata takoiduna lurrean utzi eta gizona farola baten kontra zutik jarri zuen. Bizkarretik zintzilik zeraman berokiaren poltsikotik arrosa koloreko braga bat atera zuen, han lehenago presaka gordea nonbait, eta hura eskuan bilduz, aurpegia garbitzen hasi zitzaion maitasun hitz eta lausenguak ahopeka esaten zizkiola.

        Farolaren argitara begiratu nien eta gizonaren aurpegi zurbil eta ajatuak, aldatu berria den paraje batek lehengoa gogorarazten digun bezala, Elgetarena gogoratu zidan.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia