|
20
Lur hezearen gainean zauri bat bezala ireki duten zuloari begira pentsatzen dut gauza bat dela etorkizuna eta beste bat oso desberdina destinoa. Etorkizunari begira bizi garen gizakiok badakigu lurpean ezkuta gaitzatenean gureak egin duela, bidean atzetik datozenek ezabatuko dituztela gure oinatzak eta gure bizitzaren historia denborak aise amilduko duela ahanzturaren amildegian. Destino baten arabera bizi denak, aldiz, badaki ematen duen urrats bakoitzak aztarna iraunkorrak utziko dituela eta bere bizitza belaunaldiz belaunaldi gogoratuko den kontakizun bat izango dela, bakarra, berezia eta ahaztezina. Elgetak, esate baterako, ez zuen etorkizunik, ez zuen hil eta gero atseden hartzeko lekurik ere, baina destino jakin bat zuen eta haren bizitza, seguru nago, kontatzeko dina dela, nik kontatzen asmatuko ez nuen arren. |
© Joxean Agirre