21

 

        Belarrak eta sasiak estaltzen zituen hilerrian zutik zeuden burdinazko gurutze apurrak. Bizi-indarrak, belar anabasak alegia, heriotzaren aztarna guztiak ezabatu nahi zituela ematen zuen eta izadiaren nabarmenkeria hori hildakoari egiten zitzaion azken broma makabroa, azken iraina zela pentsatu nuen.

        Lekuak, hala ere, desolazio ukitu bat zuen, Jainkoa ez zela handik inoiz pasatu ematen zuen eta beharbada leku guztietan zegokeela han izan ezik.

        Jendea isilik zegoen edo guztiz ahopeka hitz egiten zuen. Hileta batean natural samar portatzen den bakarra hildakoa dela pentsatu nuen. Enterratzaileak bakarrik zirudien pozik zegoela bere lekuan. Zerraldoaren gainera lur zokor handiak botatzen ari zen pala batekin. Zokorren kolpe huekoak entzun zitezkeen zerraldoaren kontra, harik eta zuloa bete eta tontorra zapaltzen hasi zen arte. Orduan, pisuagatik edo, Elgetarekin batera lurperatu zuten soinu txikiaren azken nota batzuk entzun ziren lurpean, kexu negarti eta luze bat, hark ere hainbat urtetan erabili zuen nagusiarekin batera azken hatsa eman nahi izan balu bezala.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia