|
UDAZKENEKO SONATA
«tal vez un jueves, como es hoy, de otoño».
César Vallejo
Isiltasunaz horditurik ibiltzea
hosto-hots madarikatu honen artetik,
sasoia beldurgarri eder
eta urratua dagoela ohartuz.
Hiria, Celan edo Lowry-ren
begiekin ikustea,
azken ura edo botilaren aurretik,
zure eritasunarentzat sendagarria badela
dakizun bitartean,
baina ez egunsenti hontan,
ez ordu hauetan, bere laguntasuna eta ohea
kemen handirik gabe baztertu ondoren.
Gau nahasia badoa aurrera,
argi mingarri eta narru beltzezko
izter luzedun mutilez betea.
Guzti horrek nolabait
galdutako gerraren usaina du.
Hildakoen aro madarikatua:
Ezinbestean, berriro udazkena. |
© Maria Jose Kerejeta