MAITASUNEZO ARKEOLOGIAK

 

Agian, ez litzateke gaizki egongo

bere konplizitatea

—ardoa nik ordainduta irabazi ondoren—

eta pazientzia eskatuz,

norbaiti kontatzea geltokiren bateko tabernan,

heldu berriak

eta beste norabait irtetzekotan gaudela,

zure eskuen artean suntsitu nintzeneko istorioa,

eta zure orduetatik,

sentimenduen azti miresgarria;

eta zein mirari harrigarri dela eta

dagoen zure irribarre bat,

hainbeste hilabeteren ondoren,

gehiago irakurriko ez dugun

liburu baten orrialdea markatuz.

Itsas-aparrezko pipa zahar hura

horituko zen honezkero tabakoz eta nikotinaz,

beroaren beroz.

Eta haren borobiltasuna ferekatzen duzunean

ez zara iadanik nitaz oroituko,

ezta urrundik ere.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia