UR IGAROKORRA

 

Zure eskuak nere gerriaren galbidea bilatu zuenean

eta nere eskua une batez

atea zabalduko zuen giltza ferekatuz luzatu zenean,

jakin genuen biok

keinu harekin ordaintzen genuela

gau hartako amodioa zilegi egingo zuen zerga.

Miller irakurri eta gereziak janez

—zuk sensuala zela zenion

eta nik mikatz xamarrak aurkitzen nituen—

alfonbra gainean erdi etzanak, eta estatuen gisa

bilutsik egon gineneko gau hura arte

ez nuen zure izenik jakin.

Eta nere behatzak ez ziren

beste egunsenti bat arte

zure gorputzean bide ezagunak marrazten hasi.

Beldurtu egiten naute

zure isiltasunek, zure urteurrenek,

zure argazki-liburuak ezagutu beharrak

eta baita oraindik ere espioi eta itsas-gizonen

sarbide izan daitezken zure istorioek.

Nik guzti hori itsas-kai edota gaztelu-goietako lainoz

inguratzen jarraitu nahi dut.

Ezin lotsarazi zaitut oraindik

idaztearen rito hutsalaz:

egun oroimena ez da oraindik

akabatzen duen

eta biharko edo etziko logelak

erraustuko dituen harriabarraren antzekoa.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia