|
URTE BETETZEA
Gaur, sukarra bezalakoa den udazkeneko egun honetan
larrosa zuri xorta bat bidaliko nizun,
eta jeroglifiko inozente batzuk,
biontzat hain garrantzitsu
eta barre egiteraino goibel den hori
ahantzi izan banu bezala.
Agian zure aurpegia bilatuko nuen berriro
argazki-liburuko orrialdeetan,
gauza guztietan hertsatzen gaituen hustasun hori
zugan makurtzeko.
Hala ere, ezin sendatuzko erromantikoaren
keinua izango bide da,
geldiro edanez eseri
eta kandela bat piztu izatea, zutaz patxadan pentsatzeko.
Zuk, urruntzen gaituzten
ehunka kilometro hoien beste muturrean
une batez zure gelaraino ihes egin
eta zurea den era berezi hortan
liburu errenkaden zehar begiak lerratzen dituzunean
zure buruari galdetuz zein lagun ez ote dagoen gaur zure festan,
arratsalde honetan,
zein posibilitate ez-ohiko eta zirraragarria
erretratuaren nere aldetik
amets egin zenezan nahi nuke,
eta jakitea, izan nituen eta ditudan gorputzek
ez zaituztela ezabatu.
Ez dakit nora naraman asaldatze alfer honek.
Minutuak zapalduz, badator gaua,
liburu eta muebleen artetik.
Zure osagarri, adiskide!
Nik hemen jarraituko dut
edaten, esperoan,
bizitza edo kandela
agor daitezen arteraino. |
© Maria Jose Kerejeta