|
THE ENCHANTER
Bion artean egondu zen koinak kopa,
biok kristalaren alde berean
geundela jakiteko,
bizitzaren alde berean,
gure behatzek elkar laztantzen zuten bitartean.
Zure oina bilatzen zuen area
gero berehalakoan ahanzteko.
Zure besagainean zeinu zen orbaina
zeinetan bai zeuden dagoeneko idatziak gure musu guztiak.
Gona blai egin zidan uhina,
nere desioa zure aldakaren aurka bilduz.
Musika geldia, beste uhin bat bezala
eta zure erroparen zurrumurruaren beste presondegia.
Mermeladaren zaporea zure gorputzean.
Zure biluztasuna, hotza izan zena eta ez haatik marmolezkoa.
Guzti hori izan zen beharrezkoa ordu hartan topo egin
eta gurea izango ez zen etorkizun bat ospa genezan.
Guztia behar bezala gertatu zen
nik maita eta ahantz zintzadan,
gau hartan. |
© Maria Jose Kerejeta