|
ZORIONAK
Zeramikazko ontzi bat
eta Antonio Vivaldiren diska bati begira nago,
nere azken opariak;
eta dagoeneko ihes egitea
hain erraza ez den adin bat somatzen dut;
nere inguruan hormak,
ezinbestean,
liburu baten azalak bezala
hersten diren bitartean;
alkohol gehiegi agian
espejismuak uxatu ahal izateko;
ez da hala ere gorputza bakarrik
gaurkoan hertsatua sentitzen dudana,
bakardadearen une,
topa eta ospakizunen egun honetan.
Zerbait gainbeheratzen ari da gaur
banbalina hauen atzean
eta nere begien aurrean apurtzen da
karraskots eta zarpail artean
bi zati egin den mastaren antzera.
Edalontzi eta nahastezko mahai honen gainean
ikusten ditut baita ere,
okerrean harrapatutako proxeneta zaharraren antzera
kixkurtuak,
nere itxurapen eta apainkerizko antzeak
nere festa gehiagoren irrika;
eta asaldu-antz bat dakust beraien artean,
hegal-eragin beldurgarri bat
gauaren desorekatze soil bat baino
erabatekoagoa den zerbait.
Beste isiltasun bat. |
© Maria Jose Kerejeta