PLANETARIOA

 

Agian nitaz ajola gutxi duten

eta ziur asko kopa hutsari begiratzen diodan

nolabaiteko patetismu hortaz

gehiegi dakiten lagun batzuren artean nago.

Eztarrian itzaltzen den alkoholaren bitartez

begirada bat aurkitzea sori egingo didan

errefrakzio-lege bitxian saiatzen naiz.

Baina gau honetan, era berean,

zorionez ukatu ezin ditudan

beste gau askoren eta bizi askoren

zaindari dut nere burua:

egun zirrararazten nauten oroimen,

ezin ahantzizko ohe banaka batzuen,

maitasun ekintza samur bezain etsipenez beteen

eta utzi dizkidaten karta eta erretratu bakanena.

Madarikatzen dut nere denbora

hilotzez eginiko baso honen erdian,

eta somatzen dut nondik etorriko den

azkenean helduko zaidan esku sekulakoa.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia