|
PORZELANAZKO ONTZI BAT
ADELATZEKO ESZENA GALAIA
Zapien dardarak
ibai-hegian aurrera daramatza
agian beraiena bide den
halako ur-surmur batean bilduak.
Ke tintatuz osatuak bezala
egiten eta desegiten dira airean
ehun-dindil eta zintaz,
gorpuzkera adoleszente eta adats adoleszenteak.
Ezkutatzear dagoen eguzkiaren
deiari eta nere begiradarenari
erantzunez etorri dira,
guzti hau gerta zedin.
Nik errainuak nituen aukeratu
eta beraiek distantzia,
perfekzioa posible den egoera bakarra.
Ez zekiten, ez eta jakingo ere
nere begiak, betikotasunezko une eternal batez
han egon zirenik,
arratsaldea postale edota ipuin izan zedin.
Agian horregatik, ukalondoak mahaiaren gainean bermatuak
otoizten diot etorriko den adinari
ez diezadala gorde
irudi tolesgabe hori besterik,
zeinetan nere burua ezagutu ahal izango bai dut
maite izan nuen
eta besarkatu, eta kixkali
eta nere bizia izan zen guztian baino areago;
egun bai baitakit nola nahasi zuen guztia denborak
eta nola hondatu zuen nere memorioa
mito edo ahanzmenarekin. |
© Maria Jose Kerejeta