AKROPOLISEKO HORMA ZAHARRAK

 

Harri hauen aurrean, nahiz ez diren berberak

eta ez den berbera ere kirkirren kantua

—urrunean, Pireoa ere beste portu bat da;

izan ere bakoitzak

bere mundua sortzen du eta agortzen—;

bada zerbait, orain gureak diren

baina inoiz besterenak izan ziren

egiteen errepikatzea baieztatzen diguna.

Tontorrerantz —beti bezala— abiatu den

eta lanbroa sakabanatzen hasi den

jende multzoarengandik aldenduz,

nola ez sentipen berbera izan

eta bakardadea bilatu astiro hitzegiteko;

togarik eta sandaliarik gabe, eta gutxietsiz,

zergatik ez, gauzek duten itxura hala-nolakoa;

lotsarik gabe, nolabaiteko benetasunez

eta urguilu piska batez ere bai aipatuz

beste dialogo haiek,

zeinak gogorarazten bai digute

badirela gurearen antzeko keinadak

hainbeste aldiz —zalantzarik gabe— errepikatuak

eta ez direnak amaitzen

aktoreek iraun ez arren.

Ezberdinak harriak eta ezberdinak aurpegiak:

ñabardura hauek behar ditu denborak

behin eta berriroko eszena amaigabeak mamitu ahal izateko

eta jakin erazteko gainerakoa ahaztu egiten dela,

ezin dela dagoeneko bizi noizbait literatura izan ez zena.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia