DENBORA BADOA, GALATA ZUBIPEAN

 

Badakit oraindik nolabaiteko harridura bat posible dela

—Istanbuleko argia, begietara izan dudan

Bosforoko arrasgorri azkengabea—

oraindik distira bat ere bai

zubiko tabernatxotik ni heldu naizen

ilunabarreko iraulketa eder hau

ikusten dutenaren begietan. —Zeinu ikaragarriak

zeinen bitartez baitzen ordaindua ahanzmena,

edota ahanzmena bera zirenak.—

Eta itzaliz doan distira horretatik

nola ernetzen zareten, une batez,

persegitzaile setatiak, eriak,

oroimen okatuak

barkuaren ohol-tartetik,

norbaitek ondotik bidalitako

itsas-gizonen mamuen antzera

azken deia oihukatzeko; kilometro hauei,

ikuskizun honi, zentzu bat emateko

arratsaldea deseginez, eta azkenean

keinu behar-gabeko eta nostalgiko hutsa dela azalduz;

oroimenak, eta gu geurok

urdintzen eta zahartzen gareneko

etsipen ezinbestekoa begietaratuz.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia