ISTANBULEKO OSTATUA

 

Gaurkoa bezalako gau

bereziki zalantzazkoan

setatzen da bat temati eta ondorerik gabe

ezagunaren-ezagunez bezatuak dituen

zenbait gauzen lekukotze ezinezkoan

—han, bere mahai gainean daude

zenbat erretratu arrai

eta Rilkeren esaldi itxaropenezko batzuk—

bere zai egongo direnak gaur gela batean

orain datzanekotik milaka kilometro batzutara bakarrik.

Eta gau anker honetan,

gauzekiko —baita gela ustel honetako

lizunenekiko— txera bat, nolabaiteko kidego patetikoa

saiatzeko paradoxak luza-ezinezkoa dirudienean.

Inguratzen nauten gorputz arrotz hauen artean

nolabaiteko duintasunaren azken zantzu bat

gorde nahi duenaren gatazka harrigarri honek,

borroka galdu honek, izutu egiten nau,

eta ahotik alde egiten ez didan

gonbitoen zaporeak.

Eta utzikeri honek, azken doillorkeriak.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia