MUECIN ZAHARRA

SARAJEVORA ITZULTZEAN

 

Gutako bat bailitzen

egun aurpegi eta oin profanoek laidoztatzen duten

mezkita deseginera sartuko da,

eta bere ikustaldian indar bereziz

—zeinetan izango bai da harridura edota haserrea ikusiko duenik ere—

begiratuko die tapiz zarpail eta pintura hondatuei.

Agian ikusi ahal izango du baita ere, etsipenez,

agureren bat otoitz bakartian,

apika azkenekoan, Meka-alderuntz makurtua,

eta haren leloa ezaguna izango zaio

eta hartan bere burua berrezagutu ahal izango du.

Gero, gure begietan

hauzi galduek sorraraz dezaketen

sinpatia soila ikusten duenean

—eta ez lehia itsua, ez lotsa—

sentituko du bere baitan mendetako nekea,

eta une batez, bere neurriaz gain dagoen zerbait

ikusi duenaren antzera, begiak itxiko ditu izu-ikaraz,

eta azkenean bere burua bakarti somatzean

jakingo du

guztia ahanzmena

edota kondaira dela,

ahanzmenaren beste itxura hori.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia