LA BOHEME MODERNE

(«Babadubi babaduba» edota halabeharraren indarra)

 

Gaueko azken neonei heltzen,

alfer lana, saiatzen den

eta beruna bezala —izan ere bada— noraezean

ondoratzen den

mozkor baten urruntzea;

kaleetan, oraindik, jendea

(itxurapen asko eta flou zerbait

objetibu ezinezko baten aurrean kokatuak

diruditen eszenetan),

kaleak, geroxeago, madarikatuak eta azkenik, hutsak eta zikinak;

euriaren errepika lizuna

eta nolabaiteko istiluaren itxaropen ezkutuz

adi-adi begiratzen diedan

emakumeen takoien errepika neurrizkoa;

neureganatuko ditudan segurantziaz

era berean begiratzen diedan gizonezkoen

eskuen klaska-hotsa (pianolen musika);

eguzki-argitatik ihes egindako zoko,

non eskeini betikotasun kutsuzko sal-erospen eroak,

gorputzen bortxatze koldarretarako zokoak,

eta zokoak sedaren ferekatzeko

eta pasio errudunaren koloretako ñabardurarik arloteenentzat;

azken batean, norabide arruntegiak,

gero, goiz-lehenean, azkenik, elkar daitezkeenak;

mahai bustien gainean, koadro zirriborratsu batean bezala

zertu diren setakeriak,

obsesioak, memorioaren geldi-aldiak.

Galdu zen eta oraindik ere nahi den guztia.

Bedi oro gau batez nerea,

ahanzmenaren edota, iada, inorena ez den oro.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia