BORONDATEA

 

Gau honetan

kaleek

gabardina, eta neon-argi, eta jasan-ezinezko

euriaren zigorrez

berandutzen nauen bitartean,

eta koñakak urdailari heltzen dioneko

azken untzak

ikertzen ditudan bitartean,

eta honen ondoren geldituko denak ere

nere izena eta abizena izaten jarraituko duela

baieztatzen didan txartel plastifikatu

eta helbide ezagun hori izatea

deitoratzen dudanean,

nere burua garbitzen lagunduko didan erokeria hori

bete nahi nuke azkenik,

nere begiei itzuri egin eta agurra betiko ukatzeko

adineko zerbait:

moketa-gainean pixa egin, adibidez,

edota bulldog bat kaniche batekin batu,

edo agian, autobusean lotsarik gabe

edonoren bizkarrean bermatu,

inolako kupida edo ahalgerik gabe

gorrotatu eta harrika ahal nezaten,

eta haserre bizian nere lanak zapal ditzaten,

ahantz nezaten,

inoren arrastorik gabe bizi ahal nadin.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia