|
SALZBURGO, 1986-EKO URRIA
Goizeko zazpi-terdiak dira
eta ni kafea hartzen ari naiz
geltokiaren aurrez-aurre eserita,
eta eserita halaber
kafetegi honen kristalak ikusten uzten didan
munduaren zati murriztu hori baino
zerbait handiagoren aurrez-aurre.
Zazpirak eta hogeitamaiketan
inoiz orrialde batean idazten ez den
eta hitzak eta oroimenak uxatzen dituen
zer horren buruz-buru jarraitzen dut, geldirik.
Agian, gure burmuinaren zoko bakartietan
bakarrik aipatzen den azken-muturra da:
maiz atzean amildegia dago,
zenbaitetan, doi-doi iragarria;
izan ere, zenbat kafe, haurrak
armairuetan gordetzen dituzten
hiri arrotz hauetan.
Zazpirak eta hogeitamabi,
begira nago nola aldegiten duen
nik hartuko ez dudan tren batek,
eta inoiz gehiago nerea izango ez den bizitzak.
Beste bizi batzuk, beste garai batzuk ditut gogoan,
eta badakit egunen batean bidegabeko irudituko zaidala guzti hau,
urruna, norabidea ezagutzen ez dudan beste bizitza hori
eraikitzen ari naizen nobela hau baino askozaz hobea
ukatua izan zitzaidan orori begira,
zazpirak eta hogeitamairutan. |
© Maria Jose Kerejeta