IGANDETAKO ELKARTASUNA

 

Gaur goizean nere burua

zorion-antz baten aldapan behera

irristatu nahi izan dut;

agian —utopia zirriborratsua—

haurrengandik hurbilago egon nahiean?

edota okertuen ondoan okerrago,

baldarren artean beste baldar bat?

Badirudi hurbilduz noala, astiro zabalduz

kontinente aurkitu berriaren antzera,

bat batean munduarekin

hain bat-egina aurkitzen naizelarik

non zenbait esku

toki egiaz desegokietan

nabaritzen hasten bai naiz

eta zorabiarazten bai nau

aldamenekoen izerdi usainak.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia