DENBORAREN IRAGANARI BURUZKO GOGOETA

(Ibiltari akitua)

 

Ibiltariak geldiro ferekatzen du

oinez doaneko aldamenean duen

harri-landuzko ormaren granitoa,

behatz-muturrez igarotzen du behin eta berriro

harriaren tankera ezaguna.

«Hau da kuarzoa —dio berekiko—

auskalo zenbat denbora daraman hemen...».

Eta orduan ahaztua zuen ikasgai zaharra

datorkio burura: «kuarzoa..., feldespatoa...

eta denboraren ispilua, mika,

irudiak atxikitzen dituena

eta ispiluen antzera,

inoiz gehiago askatzen ez dituena

denbora igaro arren...».

Ibiltariak ez dio gehiago

orma-laztantzeari utzi nahi

zeinaren ondoan esan eta esan bai dezake

behin eta berriro,

«berandu da».

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia