|
Tokian toki itsasitakoa
izan ohi da
gizonaren oroitzapena.
Bizitzan zehar
ikasten eta ikusten dituen gauzak
itsasten zaizka
eta bere zerbait bihurtzen.
Ni lur honetan
nabil,
han-hemenka
bazter guztiak
nere baitara bihurtu nahiz.
Gure lurraren atsa
usaina
lurrina
gure lurraren mendi, zuhaitz
erreka eta ibai
alor, etxe eta iri
soro eta eremu
arto, iratz, ardantza eta gari,
gure lur honek
bizkarrean dituen bazter guztiak,
gizonak eta gizonenak,
nituzke nereganatu nahi.
Denak
kolkoratu nahi ditut
emeki
astiro
sakonki
nere oroimena ez dadin ahantz sekula,
nerekin bat egin daitezen,
bihar illunabarrean
betirako loaren ametsean
haietako bat izan nadin munduko ihauterian. |
© Jose Angel Irigaray