|
Josepa ederra
gure herrietako gauoroko Josepa ederra,
iturrira doana ur billa
eta gauak arrapaturik suntsitu zena.
Gauaren indarra
izkututakoaren deia
«bekatuaren» beharra,
gure gizarte honetan
bekatuak du jainkotzen jainkoa,
bekatuak bizierazten bizitza,
bizitza bekatuan bazkatzen
bekatua bizitzan.
Ongia eta gaizkia
eguna eta gaua,
gure inguruko aspaldi honetako
ardatza:
biak beharrezkoak
biak gauza bera,
Josepa ederra
pegarra artu eta
iturrira badoa.
Ai Josepa ederraren ederra!
gauak deitu hau
eta gauak harama;
eta oihu bat entzun zen
Joseparen asperen eta kanta.
Besteak beldurrez eta bekaitzez,
egunari ziren lotu
Josepa ederra gauari eman zenean.
Biba hi Josepa ederra!
Pegarra artu eta
gauaren gauez
iturrira ur billa joatera ausartu hintzena.
Besteak hiri so, begi belarri
aho bete ezur gelditu ziren
gaueko bihurtu hintzenean. |
© Jose Angel Irigaray